Elurra mara-mara gurean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 6a, 13:19
Aspaldian ikusi gabeko irudia. Lasarte-Oriako kaleak zuriz jantzi dira ostiral goizean pilatu den elurragatik. Tenperatura freskoa da, eta argazkiak ederrak oso. Haurrak elurrarekin jolasean ikusi ditugu eta herritar asko sakelako telefonoarekin argazkiak eta bideoak egiten ere bai, ez baita oso ohiko irudia gaur goizean ikusitakoa.

Herritarrei gozatzeko eta ongi pasatzeko aukera ematen die elurrak, baina lanak ere ematen ditu: udaleko langileak gatza botatzen aritu dira goiz osoan zehar, oinezkoen bide eta errepideetan.

Lasarteoriatarrek bazuten gogoa elurra ikusteko. Azkenean, ailegatu da herrira. Buruntza puntan bakarrik ez, itsas-mailan ere egin du gaur elurra.

Euskalmetek esandakoaren arabera, datozen egunetan hotz egiten jarraituko du, baina ez dugu elurrik izango. Beraz, gozatu, ez baitakigu noiz jantziko den berriro zuriz gure herria.

Goizean zehar ateratako hainbat argazki bildu ditu Txintxarrik, argazki galeria batean. Bideo batzuk ere grabatu ditu, eta bideoteka egin du.