Jordaniari buruzko diaporama eskaini zuen Sonia Rodriguezek Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 6a

Jordaniara, Ekialde Hurbilera bidaiatu zuten asteazken gauean Jalgi tabernara hurbildu ziren herritarrek. Otsaileko asteazkenetan egingo diren diaporama zikloko lehena eskaini zuen Sonia Rodriguez herritarrak: 'Jordania bizikletaz eta eskalatzen'.

Argazki sorta batez lagunduta, Soniak Jordanian bizitakoak kontatu zituen hainbat herritarren aurrean: bertako basamortuetako isiltasuna, tenperatura altuak, bertako erlijioak hala behartuta arropa luzearekin ibili beharra, gastronomia... Aspertzeko betarik ez zuten izan Jalgin bildu ziren ikusleek, eta ziur batek baino gehiagok kontuan izango duela asteazkenean ikusitakoa, udara honetako oporrak antolatzerako orduan.

Otsaileko asteazken guztietan antolatuko dira gisa honetako saioak Jalgi tabernan, 21:30ean. Josu Agirretxek hartuko du lekukoa datorren astean, eta Marokoko egonaldian bizitako esperientziez hitz egingo du, 'Atlas ezezaguna 10 egunetan' izeneko diaporaman.