Irailean hasi ziren Udala eta konpartsak bilerak egiten. Urrian inauterietako gaia aukeratzeko herritarren ekarpenak jaso zituzten. Ondoren, azaroan gaia aurkeztu zuten herritarrak arropak aukeratzen eta karrozak eraikitzen has zitezen.
Aurtengoa, iazko egitarauaren antzekoa izango da eta bi egunetan zehar izango dugu festa herrian. Alde batetik, larunbatean mozorro eguna izango da, konpartsa guztiak kalera aterako dira beraien jantziekin festa giroan desfilatuz. Jakina, musikarik ez da faltako Okendo plazan. Igandean berriz, euskal inauteriak ospatuko dira kaleetan zehar. Ohiko txantxo janzkiak jantzi, dantza egin eta azken orduan Okendon hartza erreko dute.
Berrikuntza bat ere izango du aurtengo festak: Konpartsa lehiaketa. Konpartsa guztien artean aurtengo politena hautatuko dute eta datorren larunbatean egingo duten desfilea karroza horrexek gidatuko du.
Egitarau zabala
Ostegunean emango zaie festei hasiera ikastetxeetan. 15:30ean Sasoetan Musika-festa egingo da eta Euskal Inauteria Garaikoetxean. 19:00etan, Udal Musika-Eskolak kontzertu bufoa eskainiko du Manuel Lekuonan.
Larunbatean, otsailaren 14an, Kalean txarangak erdigunea girotuko du eguerditik aurrera eta sagardo barrikote-pintxoa izango da Okendo Plazan, mozorroturik ager-tzen diren guztientzat, Tekila konpartsaren irekiera ekitaldiaz gozatzeko. Ostean, pintxo-potea eta norberak eramandako janariarekin bazkari herrikoia egingo dute Okendoko karpan, 14:30ean. Gazteklubekoen koreografia eta bingorik ere ez da faltako bazkalostean.
Arratsaldean, konpartsak Okendon bertan elkartuko dira 16:30ak aldera. Honako konpartsa hauek parte hartuko dute desfilean: Zentro Zibikoa, Zabaleta, Tekila, Naste Borraste, Larramendi, Jalgune, Ttakun, Intzak Parrandan, eta Zakili Beldur.
Ibilbidea Okendo Plazan hasiko da eta herriko kale eta auzoetan barrena ibiliko da. Berrikuntza gisa, aurten batez ere Sasoeta inguruak alaitzea erabaki dute konpartsek. Desfile koloretsu eta umoretsua Okendo Plazan bukatuko da arratsaldeko 19:00ak aldera.
Iluntzean, Ohenian elektrotxaranga kalez kale ibiliko da eta gaueko 3:00ak arte makro diskoteka egingo da Okendoko karpan.
Euskal Inauteria
Tradizioa, dantza eta kantua uztartuz, elkarte eta herritarrekin batera, sagardo eta txorizo dastaketari ekinez hasiko da Euskal Inauterien festa igande eguerdian.
Arratsaldean, txokolate jana egingo da 17:00etan Atsobakarren eta Euskal Inauteriak konpartsa kalez kale ibiliko da Hipodromo etorbidetik jaitsi, Okendo Plazan azken dantzak egin eta hartza erre aurretik.