Iñigo Ibarburu igerilaria Erkidego Arteko Espainiako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 4a

Pasa den asteburuan Iñigo Ibarburu Buruntzaldea IKTko taldekidea Castelloneko "La Salera" igerilekuan izan zen Euskal Selekzioarekin Erkidego Arteko Espainiako Txapelketan parte hartzen. Junior mailako Espainiako Txapelketa prestatzen ari denez, ez da sasoi betean joan eta froga batzuk osatzea asko kostatu zaio. Hala ere, bere lana erabakigarria izan da Euskadik mutiletan lortu duen seigarren posturako eta sailkapen orokorrean zazpigarren egiteko.

Banakako frogetan, 100 tximeleta, 200 tximeleta eta 200estiloetan aritu zen Ibarburu.

100 tximeletan 57''26 egin zuen hirugarren postuan sailkatuz. Bere marka onenetik segundu eskasera maila ona eman zuen Buruntzaldea IKTko mutilak, nahiz eta herritarra ez zegoen guztiz gustura egindakoarekin.

200 tximeletan 2'14''33 egin zuen eta bederatzigarren izan zen. Azkenik, 200 estiloetan bere marka berdintzeko gai izan zen 2'15''66 eginez eta Euskadirentzat zortzigarren postua lortuz.

Errelebu-probetan ere lan ona egin zuen bere txandan Euskadiko Selekzioarentzat. 4x200 libren, 4x100 libren eta 4x100 estiloak errelebuetan parte hartu zuen.

“Txapelketa garrantzitsuenei begira gaudenez, emaitza normalak eta onak dira Iñigorenak. Momentuko entrenamenduaren nekeak frogak nahi baino gogorragoak bilakatzen baditu ere, maila onean aritu da Ibarburu eta pixkanaka datozen asteetan freskotasuna irabazten joan ahala, Cadiz-en, Espainiako Txapelketan bere markak hausteko gai izatea espero dugu”, adierazi du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Bitartean, datozen bi asteburuetan Gipuzkoako zein Euskal Herriko txapelketak izango ditu. “Plangintzaren ondorioak” ikusten hasteko txapelketak izango dira Apeztegiaren esanetan eta Cadiz-eko zitarako "primerako prestakuntza" ere bai.

Neguko txapelketa

Bestalde, asteburu honetan Neguko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Tolosan. Bertan Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuak izango dira lehian. Txapelketa larunbata goizean eta igandean goiz eta arratsaldean jokatuko da. Goizeko jardunaldiak 9:30etan hasiko dira eta arratsaldekoa 17:00etan.

Masterrak eta infantilak

Buruntzaldea IKTko master taldeak Zarautzeko V Open Saria izango du larunbatean. Txapelketa Aritzbatalde Kiroldegian izango da, goiz eta arratsaldeko jardunaldietan. Goizekoa 10:00etan hasiko da eta arratsaldekoa 16:00etan.

Gainera, Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekoak ez dituzten infantilek Neguko VII Gipuzkoako Saria izango dute larunbatean. Txapelketa Legazpin egingo da goiz eta arratsaldeko jardunaldietan. Goizeko lanak 10:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak 17:00etan. Igerilariek han bazkalduko dute eta klubeik azaldu dutenez, ez dute ezer eraman behar bazkarirako.