LOKEren bi urre eta bi brontze juniorren Gipuzkoako judo txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 4a

LOKEko judokek lan handia egin zuten Hernanin jokatu zen Gipuzkoako junior txapelketan. Josu Olmos bikain aritu zen eta urrea jantzi zuen 60 kiloz azpikoetan bere bi konbateak ipon bidez irabazita. Fermin Baldak 81 kiloz azpikoetan hiru borrokalditan gailendu zen ipon bidez. Honek ere urrezko domina kolkoratu zuen.

Brontzeak berriz, Ion Arroyok eta Asier Zubizarretak jantzi zituzten. Arroyok bi galdu arren, borrokaldi on bat irabaztearekin nahikoa izan zuen brontzezko domina eskuratzeko. Asier Zubizarreta maila onean itzuli zen tatamietara, 66 kiloz azpiko kategorian. Lehen konbatea nagusitasunez irabazi zuen, finalaurrekoa galdu egin zuen eta brontzeagatiko borrokaldia ipon batekin irabazi zuen.

Dominaren bat lortu zuten lau judoka horiez gain, Iñigo Matxain eta Haritz Urdangarin ere Hernanin izan ziren parte-hartzen.

Gipuzkoako txapelketako jardun onak sari bikoitza izan du gainera, Josu Olmos, Fermin Balda, Asier Zubizarreta eta Ion Arroyo Euskadiko junior txapelketarako sailkatu baitira.