Hainbat herritar gerturatu ziren atzo Manuel Lekuonako hitzaldi aretora, EH Bilduk antolatutako plaza irekian parte hartzera. Maiatzeko udal hauteskundeei begira lanketa bat ari da burutzen koalizio abertzalea, eta bi fase egin dituzte orain arte. Egindako lana aurkeztu zuten atzo: 2011n hasitako agintaldiaren balorazioa eta etorkizuneko Lasarte-Oria egiteko arlo desberdinetan planteatutako erronkak.
Agintaldiaren "balorazio positiboa"
Pablo Barrio alkateak hartu zuen hitza aurrena, agintaldi honen balorazioaren hainbat xehetasun azaltzeko. Adierazi zuen alderdiak "balorazio positiboa" egiten duela: "Gobernu berria izanik lehenengoz administrazioan lan egitera ohitu behar izan dugu. Akatsak izan ditugu eta hobetzeko hainbat arlo ditugu, baina proiektua gauzatzen ari gara eta herriak aldaketa nabarmena bizi izan du, gobernatzeko eredua aldatu baita azken urteetan".
Agintaldiko gehien eta gutxien baloratutako alorrak azaldu zituen Barriok ondoren. "Herritarrekiko gertutasuna, elkarteekin elkarlana, herri giroa eta udalgintzan txertatutako parte-hartzea" izan dira baloratuenak. Beste aldean "kale eta auzoen egoera, garbiketa eta instalazio batzuk ez hobetzea" bezalako arloak aurki daitezke.
Era berean, aniztasunaren eta tokiko ekonomiaren baitan "ekimen ugari" egin direla identifikatzen dute herritarrek, baina uste dute EH Bilduk "are berritzaileagoa" izan behar duela gobernatzerako orduan.
Datu-bilketa eta balorazioa osatzeko hainbat iturri erabili ditu alderdiak: 2013an Udalak egindako pertzepzio inkesta, 600 bat herritar "oso anitzek" 2014 bukaeran egindako inkesta, Udalak auzoz auzo egindako parte-hartze prozesua eta zinegotziek egindako balorazioa.
Etorkizuneko erronkak
Joan den astean 100 bat lagun bildu ziren Udal Euskaltegian, EH Bilduk hiru egunetan zehar antolatutako bileretan parte hartzeko. Hamar arlo landu zituzten, eta etorkizuneko erronkak definitu: batzuk datozen agintaldira begira, eta 'Lasarte-Oria 2030' osatzeko beste batzuk.
Koalizio abertzalearen hitzetan, "oso emankorrak" izan ziren bilera horiek, eta hauteskundeetako programa egiteko "oso erabilgarriak" izango diren hainbat ekarpen jaso ziren bilera horietan.
Arlo bakoitzeko buruak bildutako erronkak azaldu zituen atzoko plaza irekian. Udal eraikin eta instalakuntza sareak hobetzea eta kiroldegi berri bat egiteko apustua egitea (hirigintza mailan); etxe hutsak, alokairu sozialak eta babes sozialeko etxeak oinarri izango dituen etxebizitza plan bat egitea; egoera ekonomiko larrian daudenentzat oinarrizko diru-laguntzak eta tasa salbuespenak egitea izan ziren erronketako batzuk.
Hezkuntzari dagokionez, etorkizuneko "eskola proiektu" bat gauzatzea da erronka nagusia, eragile guztiekin parte-hartze prozesu bat eginez. Bestalde, berdintasunaren alorrean Udala burutzen ari den berdintasun diagnostikoaren jarraipen bat egin behar da, ekintza plan baten bidez. Kultur eragileen kontseilu bat sortzeko beharra ere azpimarratu zuten atzo, eta baita garbiketa zerbitzua indartzekoa ere.
Hirugarren fasea
Lanketaren hirugarren faseari ekingo dio orain EH Bilduk. Beste inkesta bat zabalduko du herritarren artean, programako lehentasunak markatu eta alkate nahiz zinegotzi hautagaiak hautatzeko. Hori egin ostean, martxoan egingo duten plaza irekian aurkeztuko dituzte udal hauteskundeetarako programa eta hautagai-zerrenda.