Euskal Inauteriak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 3a

Erketzek, Kukukak, Ttirriki-Ttarrakak, Lasarte-Oriako musikariek, plaza dantzako bi irakasleek eta Ttakuneko kideek osatzen dute Euskal Inauteriak gurean antolatzeko taldea.

Aurtengoan hainbat aldaketa proposatu dituzte ohiko egitarauan eta espero dute, otsailaren 15ean ere, inauteri eta jai giroa nagusitzea herrian.

Goizean Okendo plazara mugatuko dira ekintzak. 12:00etatik hasita hiru gune izango dira bertan. Gune batean panel ezberdinak ikusi ahal izango dira Euskal Herriko inauterietako pertsonaia eta ohituren inguruan.

Bigarren gune batean, txantxo mozorroa egiteko aukera izango da. Materiala bertan edukiko dute antolatzaileek eta animatzen diren herritarrek euren mozorroak prestatzeko aukera izango dute. 

Hirugarren gunean, dantzak ikasteko aukera ere izango da. Dantza errazak izango dira momentuan jarraitzeko modukoak. 

Goizeko ekintzetan parte hartzen dutenentzat hamaiketakoa egongo da.

Atsobakarretik desfilea

Arratsaldean, animatzen diren guztiek ohiko desfilean parte hartu ahal izango dute. 

Aurretik indarrak hartzeko, txokolate jana egingo da 17:00etan Atsobakar egoitza eta eskolaren inguruan. Jarraian, 17:30ean abiatuko da desfilea herriko erdigunera. Atsobakar egoitzatik irten eta Tajamarreraino, bertatik Kale Nagusia hartu eta lehenengo biribilgunean buelta hartu eta Okendora abiatuko dira dantzariak. 

Sustatzaileek gogoratu nahi dute desfile hau irekia dela. Hain zuzen, dantzak ikasteko igandean ez ezik, aurrez ere izango da aukera. Otsailaren 9an eta 11n 20:00etatik 21:00etara trinketean egingo dira saio irekiak.

Behin desfilea plazara iritsita, azken dantzak egin eta hartza erreko da jaiari amaiera emateko. Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte txantxoz jantzita kalera ateratzera eta festan murgiltzera.