Inauteri tradizionala ezagutu, ulertu...gozatzeko!

dabid-egizabal 2015ko ots. 3a, 10:30

Herrian Euskal Inauteriak igandean antolatzen dira. Hauek prestatzeko herriko elkarte ezberdinak biltzen dituen taldea ari da lanean azken hilabeteetan. Erketz, Kukuka, Ttirriki-Ttarraka, Lasarte-Oriako musikariak, plaza dantzako irakasleak eta Ttakuneko kideak dira eta herrian aspaldi hasi zen ohiturari jarraipena ematea da asmoa, aurten egitaraua pixka bat aldatuko duten arren. Talde honetan dago Dabid Egizabal herritarra eta berak euskal inauteri tradizionalaren jatorrian sakondu du Juan Antonio Urbeltzen lana erabilita.

Urtero bezala, aurtengoan ere inauteriak datozkigu. Laster izango dira gure artean Xiberuko zamalzain, txerrero, pitxu bahumeak; Lantzeko Miel Otxin, Ziripot, txantxoak, Zubieta eta Iturengo joaldunak, etab. luze bat. Baina nondik datoz pertsonaia hauek, esanahirik badute edo izan zuten, funtziorik betetzen al dute? Ezer al dute komunean?

Halako galderei erabateko erantzun bat ematea benetan lan zaila da, hala ere, Juan Antonio Urbeltzen lanean oinarrituta, saiatuko gara galdera hauei argi pixka bat ematen.

Mundu kaotikoa

Antzinako giza taldeentzat mundua leku 'kaotikoa' zen non heriotzak ustekabean harrapa zezakeen taldea. Goseteak, gaixotasun kutsakorrek sortutako izurriteak, eguraldia, basapiztien nahiz beste giza-taldeen erasoak... Dudarik gabe bizirautea benetan lan gogorra zen. Ingurune arrotz eta arriskutsu honetan bizirauteko ezinbestekoa bihurtu zen ingurunea bera ezagutzea eta ulertzea, gerora kontrolatu ahal izateko. Etengabeko ahalegin horretan, emeki-emeki giza taldeak euren ingurunea eta euren zer izanari buruzko ezagutza sortzen eta metatzen joan ziren.

Antzinako giza taldeek ez zuten egun guk gure inguruneari buruz dugun ezagutza. Horregatik hura ulertzeko sortutako mito, metafora, kondaira, errito eta beste; guztiz barregarriak iruditzen bazaizkigu ere, ingurune arrotz eta arriskutsuan bizirik irauteko jardunbideak eskaintzen zituzten, bizi iraupenerako tresna ziren, orduan zeukaten ezagutza mailarekin bat egiten zutenak. 

Neolitikoan, orain 12.000 urte, Tigris eta Eufrates ibaien artean, lehenengo herri nekazariak agertu ziren. Nekazaritzak erabat aldatu zuen gizadiaren bizimodua eta mundu ikuskera. Nekazaritzari esker munduak hain kaotiko izateari utzi zion. Honelaxe sortuko ziren lehenengo bizitoki egonkorrak, lehenengo herrixkak eta hauekin batera giza taldeak antolatzeko beste eredu bat. Lehen erabateko 'kaosa' zegoen lekuan, orain orden apur bat zegoen herrixka barruan. Herrixketatik kanpo, dena den, 'kaosak' bere horretan jarraitzen zuen.  

Beldurtzen zituen kaosari aurre egin ahal izateko, giza taldeek zorigaitza aurrikusteko edota uxatzeko ustezko gaitasuna zuten konjuru eta erritoak sortu zituzten txamanen eta aztien eskutik, mitoek, kondairek eta metaforek eskaintzen zuten jakintza medio. Beraien zeregin nagusia, beraz, kanpoko kaosa herrian sar zedin galaraztea zen, hau da, zorigaitza uxatzea.

Zomorro izurriteei beldur

Garai hartan kanpotik iristen ziren gaitz guztien artean beldurgarrienetakoak, behar bada, zomorroen izurriteak ziren. Herri askoren tradizioan, zenbait zomorrok, eulik, eltxok edota otiak kasu, zorigaitzarik beltzena errepresentatzen dute. Izan ere, eltxoak baitira odola xurgatzen dutenean gaixotasun askoren trasmisore; eta otiek, bestalde, uztak jaten dituztenean giza taldera gose gorria dakarte.

Gosetearekin batera, zibilizazioa desegituratzen da eta 'kaosa' itzultzen da indar betean, eta harekin gizartearen desegitura eta atzeratze soziala, abilezien eta lanbideen galera ekarriz eta lotura eta sustrai gabeko bizitza arlotea hasiz. 

Bestetik, nekazaritzak berak sortu zuen soberako janariari esker giza taldeen populazioak nabarmen egin zuen gora. Hori dela eta, lur eremu berriak kolonizatu behar izan ziren lagun guztiei lekua egin ahal izateko. Honelaxe iritsiko da gizadia, zomorroen bizitokietara. Lehia gogorra izan zen. Giza taldeek basoak errotik moztu, padurak lehortu eta ibaiertzeetan asentamenduak eraiki zituzten. Aldi berean, bildutako janari soberakinak jaten zituzten izurriteen aurka ere borrokatu behar izan zuten. Esan dezakegu gizadia harreman gatazkatsuan bizi izan dela zomorroekin aspaldidanik.

Zomorroen aurka borrokan

Konjuru eta errito majikoak ere maiz erabiltzen ziren borroka honetan, orduko giza taldeen sinismenean eraginkorrak zirelakoan. Herri askoren erritoetan antzeman daiteke orduko giza taldeek eginiko borrokaren berri. Akaso adibide esanguratsuena inauteriena, noski, inauteri tradizionalaz ari gara. Beraz, inauterietan antzezten dena, gizadiaren eta xomorroen arteko erlazioa litzateke. Zomorroek zekarten kaosa herritik kanpo eusteko, ezinbestekoa zen zomorroak kontrolatuta edukitzea. Inauterietan mito hau irudikatuko litzateke.

Etimologikoki 'Ihauteri' hitzak bi hauetan du jatorria. Batetik 'Arastui' kimatutako zuhaitzak landatzea esan nahi du eta bestetik, 'iñausti' kimatzeko garaia esan nahi duena.

Antzeko elementuak

Inauteri tradizional askok elkarbanatzen dituzte elementuak.

Euskaraz intsektuari 'Xomorro' esaten zaio eta disfrazari 'mozorro'. Antza handiko hitzak, behar bada izan zitekeen, mozorroekin gizakia zomorrotu egiten dela, hau da, zomorro bihurtzen dela. Maskaradako zamalzaina otia litzateke, katuzain, ar mota bat, eta beltzez margotutako eta arropa zahar eta zikinez jantzitako hainbat pertsonaiak duten berezko izaera ero, anarkiko eta kontrolgabekoari erreparatzen badiogu, alde batetik zomorroak edota goseak jota desegituratutako gizarte bateko sustrai gabeko pertsonak islatuko lituzkete.                                                             

Bestetik, 'arastui' eta 'inausi' hitzek zomorroen bizitza zikloarekin erlazio zuzena dute, izan ere ihauteri garaia kimatzeko eta lurra jorratzeko garai baita, zuhaitzak eta lurra zomorroen larbaz garbitzeko garaia, uzta garaian hazi ez daitezen eta uzta arriskuan gera ez dadin. Larbak irudikatu zitzaketen pertsonaien artean daude Ziripot tankerako mozorroak. Zomorro lodi-lodia, larba egoeran alegia. Bestetik, usteldutako zatoak, euliak eta eltxoak ugaltzeko biotopo ezinhobeak dira, hortik dator zatoak edo botak erretzeko ohitura, edo hainbat dantzetan zatoa kolpatzeko ohitura (jorrai dantza), bai eta lurra kolpatzeko hainbat dantza urrats.

Hala ere, jakina da guk zomorroak hiltzeko dugun gaitasuna, zomorroek biderkatzeko dutena baino askoz ere txikiagoa dela. Hain da horrela, zomorroak urtero bueltatzen direla. Horren harira, ez da harritzekoa inauteri askotan etxez etxeko bilketa edo eskea ospatzea non irudikatzen den nolabait, zomorroek sortzen duten gaitza saihestearren urtero zomorroekin egingo litzatekeen hitzarmena. Janaria, edaria edo bestelako opariak eskainita gure zorra kitatuta uzten dugu zomorroekin. Ildo beretik, inauteri askotan antzezten da zomorroarekin zerikusia duen pertsonaiaren berpiztea… Xiberuko Pitxu pertsonaia kasu.

Laburbilduz, zomorroak eta gizadiaren arteko harremana ardatza duen teoria hau bat dator edozein inauteritan topa ditzakegun elementu askorekin. Zoritxarrez ez denekin, izan ere, argi eduki behar dugu, inauteriak funtzio sozial jakin bat betetzen zuela, zomorroen gaitzetik babestea. Eta garai-garaiko jakintzaren arabera, zinez pentsatzen zuten eraginkortasunik bazuela. 

Argien Mendetik hona, hala ere, gizarte mendebaldarretan ez da konjuru eta errito magikoen beharrik izan zomorroen izurriteak kontrolatzeko, beste bide batzuk erabili izan dira, zientifikoagoak eta teknologikoagoak. Hainbat erritok, inauteriak barne, zomorro-izurriteen kontrako babes-errito gisa erabiltzeari utzi zioten, eta pixkanaka desagertzen joan ziren edo bestelako funtzio bat betetzera pasa ziren. Gainera, garai berriekin batera, elementu berriak sartzen joan ziren erritoan aldaketak sakonak eraginez, janzkera esaterako. Adibidez, hainbat inauteritako pertsonaiak 'Kaskarots'-ak gaur egun jantzi dotorea badute ere ikusi beharko litzateke jatorrian nolakoak ziren, izan ere, 'Kaskarots' hitza etor zitekeen 'kaskar' hitzetik, gaixotasuna adieraziko lukeena, eta ez 'kaska' hitzetik, 'txapela' esanahia lukeena. Kaskarotsak gaixotasunaren maskara lirateke.

Jokaera aldaketa

Esan bezala, garai modernoko inauteriek agian bestelako funtzioa betetzen dute gizartean. Hainbat egunez “onartu” egiten dira beste garai batean onartuko ez liratekeen jokaerak, moral zorrotzak ezartzen duen presiotik askatuz; beti ere norberaren identitatea ezkutatuz. 

Hor egon daiteke gaur egungo inauteri maskara eta inauteri jantzi askoren jatorria (Veneziako inauteria adibidez).

Laburbilduz, teoria honek erritu asko harremantzen ditu eta zentzu bat ematen dio inauteriaren kosmogoniari. Jakina, nahiz eta elementu ugari teoria honen barnean sartzea oso erraza den, beste batzuk ez. Ez dakigu mendez mende jasandako aldaketen eraginez ala berez jatorrian mitoa bera, bestelakoa zelako. Akaso inoiz jakiterik izango da zalantza izpirik gabe gure arbasoek zergatik eratu zituzten halako erritoak. Bitartean pausoz pauso, azalpenez azalpen… Espero dezagun ikerlari gehiago egotea lan horretan beraien gogoetak guri eskaintzeko eta gure iragana hobeto ulertzeko eta baloratzeko.