Euskaraz eta euskararekin gozatuz

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 2a, 12:13
Euskararen Ginkanaren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Taldekako lehiaketa izango da, ohi bezala. Dagoeneko irekita dago izena emateko epea; otsailaren 23a izango da azken eguna. Lasarte-Oriak izan zuen ordezkaritza lehengo urteko ginkanan, Dinbi Banda batukada taldea izan baitzen irabazleetako bat, Algortako Bertso Eskolarekin batera.

Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko asmoz” antolatu dute Euskararen IV. Ginkana Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazioak. Irekita dago jada izena emateko epea, otsailaren 23ra arte. Herriko Dinbi Banda batukada taldea izan zen iazko irabazleetako bat. 

Taldekako lehiaketa da Euskararen Ginkana, bi fasetan burutu beharrekoa. Lehenengoan Internet bidezko sei froga egin beharko dituzte izena ematen duten taldeek, astero bat, otsailaren 19tik martxoaren 26ra. Ondoren, fase horretan bildutako puntuak zenbatu eta lau lehenengoak finalerako sailkatuko dira. Apirilaren 18an izango da, Ekogunean (Donostia). Irabazleak 3.000 euroko saria poltsikoratuko du, eta finalista guztiek produktu ekologikoz betetako saski bana jasoko dute. Aurtengo gaia ‘IKTak eta Ekologia’ da.

Baldintzak

Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da talde bat osatzea, 4 eta 6 kide artekoa (16 urte baino gehiago eduki beharko dituzte partaideek). www.euskararenginkana.net webgunean eman beharko da izena, eta datuak ematearekin batera talde bakoitzak aurkezpen bideo bat egin beharko du, taldea bera eta babestu nahi duten euskararen aldeko egitasmoa ezagutzera emateko. 

Urtarrilaren 18an ireki zen izen-emate epea, eta otsailaren 18an itxiko da (egun hori barne). Edozein zalantza argitzeko, antolatzaileek eskatu dute euskararenginkana@ekogunea.net helbide elektronikora idazteko. 

Dinbi Banda irabazle

Lasarte-Oriak izan zuen ordezkaritza San Telmo museoan egin zen lehengo urteko ginkanaren finalean, Dinbi Banda batukada taldea izan baitzen finalistetako bat. Ezaugarri desberdinetako bost froga egin behar izan zituzten, hiru binaka eta beste biak taldeka: hizkuntza gutxituak mapa batean kokatu, 'tximeleta' hitzaren ahalik eta sinonimo gehien pentsatu eta idatzi, San Telmo museoan bertan hizkuntza gehien zekizkien pertsona topatu...

Bukaeran, talde bakoitzak lortutako puxtarriak zenbatu zituen Ilaski Serrano aurkezleak. Lau finalistetako bik puxtarri kopuru bera lortu zituzten: 17 eskuratu zituen Dinbi Bandak eta baita Algortako bertso-eskolak ere.

Bi taldeen arteko berdinketa eman zenez, 3.000 euroko saria bien artean banatzea erabaki zuten. Ikusteke dago nork hartuko duen aurten bi talde horien lekukoa. Erantzuna, apirilaren 18an, Ekogunean.