EH Bilduren plaza irekia bihar

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 2a, 12:53

Lanketa bat burutzen ari da EH Bildu, datozen udal hauteskundeetara begira. Bi fase egin dituzte orain arte, eta bertan jasotako iritzi, diagnostiko, datu eta beste hainbat gauza aurkeztuko dituzte bihar Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan, arratsaldeko zazpietatik aurrera.

Koalizio abertzaleak “Lasarte-Oriako herritar guztiei” luzatu die biharko plaza ireki horretan parte-hartzeko gonbitea. 

Hori egin ostean, otsaila eta martxoan zehar hirugarren fasea jarriko dute martxan. Hauteskunde programa eta hautagai-zerrenda hasiko dira prestatzen. “Hurrengo agintaldiari begira herritarren parte-hartzean eta justizia sozialean oinarritutako lan arduratsua egitea da gure helburua”, adierazi du koalizio abertzaleak.

Etorkizuneko erronkak

Hiru bilera ireki egin zituen EH Bilduk joan den astean. 100 bat herritarrekin batera, etorkizuneko Lasarte-Oriako erronkak definitu zituen koalizio abertzaleak anbulategi berrian kokatuta dagoen Udal Euskaltegian. 

Hamar arlo desberdin landu zituzten EH Bilduko kideek eta herritarrek hiru bilera horietan. “Oso emankorrak izan dira saioak; ekarpen ugari jaso ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Bi zeregin nagusi gauzatu zituzten bileretan: orain arteko udal politiken eta udalerriaren egoerak aztertu zituzten, “elementu positibo zein negatiboak” identifikatuz. Bestetik, etorkizuneko herriko erronkak definitu zituzten: 'Lasarte-Oria 2030' delakoari forma ematen hasi ziren. 

Datozen udal hauteskundeetarako lanketaren bigarren fasearen baitakoak dira bi zeregin horiek. 

Herritarrek egindako inkesten emaitzak, aurreko agintaldiko lanaren balorazioa eta aipatutako hiru bileretan jasotako guztia. Horiek denak aurkeztuko dituzte EH Bilduko kideek biharko plaza irekian. Aurkezpen horren ondoren, hirugarren fasea hasiko dute. 

OHARRA: Gaurko Txintxarriko alean jartzen du EH Bilduren plaza irekia etzi egingo dela, otsailaren 4an. Informazio hori ez da zuzena, albiste honetan jarri bezala BIHAR izango baita plaza ireki hori, 19:00etan, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan. Barkatu eragozpenak.