Sonia Rodriguez: “Jordaniako basamortuen isiltasunak erakarri nau gehien“

jon-altuna-egitegi 2015eko urtarrilaren 30a

Hogei egun egin zituen urrian Sonia Rodriguez herritarrak Jordanian, Ekialde Hurbilean. Errenteriako beste hiru lagunekin batera joan zen, “azken unean” hala erabakita. Bere bidaideek eskaladako aldizkari batean herrialdeari eta eskaladari buruzko erreferentzia batzuk irakurtzean sortu zitzaien Jordania bizikletaz zeharkatzeko ideia. Ofizioz irakaslea da Rodriguez. Afizioz bidaiaria. Aurrez Hegoameriketako Perun, Bolivian, Argentinan, Txilen eta Uruguain egona da bizikletarekin; Ertamerikako herrialdeetan eta Kuban ere bai; Indian, Korsikan, Italian, Frantzian, Espainian... Non ez ote da izan abenturazale lasarteoriatarra. Jalgin diaporama saioa eskainiko du asteazkenean, 21:30etik aurrera

Ez zuten leku xamurrera bidaiatu urriaren 1a eta 20aren artean Sonia Rodriguez eta bere lagunek. Gatazka gunea da Ekialde Hurbila. Garai hartan Israel Gaza bonbardatzen ari zen eta Estatu Islamikoak Europari mehatxua luzatua zion. 

Bidaiatzeko grina lehenetsita, Jordaniara joatea erabaki zuten, Siriarekin muga egiten duen herrialdera: “Guk ez dugu arazorik edo gerra girorik somatu, ez ginen iparraldera, Siriako mugara gehiegi hurbildu, hegoaldera jo genuen”, adierazi du Sonia Rodriguezek. 
Presentzia polizial eta militarrik handiena Amman hiriburutik 20 kilometrora dagoen Madabako aireportuan nabaritu zuten, baina behin basamortura sartuta, deus ere ez: “Nazioarteko telebistetan arazoa gehiago ikusten da bertan egonda baino, gainera basamortuaren erdian ez geneukan irrati edo telebistarik”, esan du barrez.

Izan ere, Euskal Herritik bertara eramandako lau bizikleta, bi kanpin denda eta gainontzeko ekipaia guztia hartuta basamortua zeharkatzea ez da txantxa. Eta Sonia Rodriguezek bere azalean pairatu zuen desertuaren gogortasuna: “Hasierako asmoa bizikleta eta eskalada uztartzea zen arren, ez nuen eskalatzerik izan. Hondarretan bizikletarekin ibiltzea oso astuna da eta denbora guztian bultzaka aritu nintzenez, azkenean eskumuturra bihurritu nuen”, dio penatuta herritarrak.

Basamortuko bizipenak

Lehen etapak asfaltoaren gainean egin bazituzten ere, basamortu idorrera sartzean hasi ziren komeriak.

Hasteko, beroa. Bataz beste 40 graduko tenperatura izan zutela azaldu du eta 20-100 kilometro bitarteko etapak egiteko ura gainean eraman behar izaten zutela ere gaineratu du: “Lehendik generaman pisuari gehituizkiozu bakoitzak behar dituen hiru edo lau litroak eguna igarotzeko... Bidean apenas dago herririk, ez dago iturririk eta ura erosi egin behar izaten da”.

Bigarren arazoa: Jordania herrialde musulmana denez, emakumeek, mendebaldarrak izanda ere, goitik behera jantzita joan behar dutela salatu du: “Pentsa, basamortua 40 gradurekin zeharkatzea gogorra da, baina mauka luzea eta galtza luzeekin zeharkatu behar izatea, gurutzebidea”.

Izan ere, Jordania herrialde monarkiko-islamiarra da. Gaur egungo Abdala II. erregearen ama ingelesa zen eta bere andrea Zisjordaniakoa da. “Lau aberats daude Jordanian, gainontzekoak pobreak dira, baina kalean ez da miseriarik antzematen”. 

Jatekoari dagokionez, nazka-nazka eginda amaitu omen zuen eguneroko menuarekin: “Kebab-a, hummus-a eta oilaskoa jaten dute gehienbat eta arroza ere bai tarteka”. Latzena egiten zitzaiena ordea, 40 gradutan pedalak eragiten ibili ostean zerbezatxo bat hartu ezin izatea zen.

Bidaia honetan Sonia Rodriguez gehien harritu duena, “basamortuko isiltasuna” oro har eta bi eremu zehatz: “Itsaso Hila benetan ikusgarria da. Bainatu ginen, eta bai, ezinezkoa da hondoratzea itsasoak duen gatz dentsitate handiagatik”, dio barrez. 

Lehorrean ere topatu zituzten gutxitan ikusitako paraje ederrak: “Munduko zazpi mirarietako bat da 'Petra'. Dimentsioak hain dira handiak... Gezurra dirudi duela 5.000 urte eraiki zutenik! Nire buruari galdetu nion nola demontre sortu ote zituzten halako eskulturak eta galeriak mendia zizelkatuz... Garai hartako metodoak ikustekoak izango ziren”.

Etorkizunerako asmoak

Handik hona ibiltzen den emakumea da Rodriguez, ez da geldirik egoteko jaio. Biologia ikasketak egin zituen eta orain ordezkapenak egiten ditu irakasle postuan. Denbora libre dezente izateak on egiten dio bidaiatzeko. “Natura eta kirola uztartzen dituzten ekintza guztietara apuntatzen naiz. Nire pasioa da”, esan du haur baten ilusioarekin. 

Aurrez, futbola egin zuen Ostadarreko nesken taldean, urpekari titulua ere badauka, surfa egitea gustatzen zaio, gaztetan atletismoa probatu zuen, patinatzen aritzen da, eta orain, martxoan, eski trabesia bat egitera doa Norvegiako fiordoetara. Udaran berriz, Asiako Uzbekistanera joan nahiko luke 'Pamir higway' bidea bizikletaz egitera, 5.000 metroko altueran.

Bidaiari ona izateko aholku bat eskatuta, argi dauka: “Bi kulero eta bi galtzerdi soilik eramatea, bizikletan pisu gutxi eramatea ezinbestekoa baita”, adierazi du txantxetan.  “Nik uste bidaiari ona izateko pertsona irekia izan behar duzula. Planifikazioa %100ean ez da existitzen eta hori asumitu egin behar da. Beti gertatzen dira ustekabekoak, eta horrek ere badu xarma, jakina. Ez dut uste diru asko behar denik bidaiatzeko, denbora eta gogoa bai ordea. Ilusioa azken finean”.