Dinbi Banda batukada taldea 'Gu ta Gutarrak' saioan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 29a

Astelehenetik ostegunera emititzen da ETB1en Julen Telleriak gidatutako 'Gu ta Gutarrak' saioa, 21:00etan. Aste honetako azken saioa bihar izango da ordea, gonbidatu berezi batekin: herriko batukada taldearekin, Dinbi Bandarekin.

"Euskal Herriko koadrila jatorrena" osatzea. Hori da joan den urteko irailean estreinatu zuten 'Gu ta Gutarrak' saioaren xede nagusia. Herri desberdinetako hamabi 'gutar' dira protagonistak: aterpetxe batean igarotzen dituzte zenbait astebukaera eta gero astean zehar euren bizipenak kontatzen dituzte ETB1eko platoan.

Morga herrian (Bizkaia) izan dira asteburu pasa saioan parte hartzen duten sei neska eta sei mutilak, eta bisita berezi bat jaso zuten: Dinbi Banda herriko batukada taldearena. Lehiakideak ezagutu eta haiekin egoteaz gain, ongien egiten dakitena ere erakutsi zuten, eta batukada ikuskizun bikaina eskaini zuten herritar eta kameren aurrean.

Horrez gain, maiatzean Lasarte-Orian ospatuko den III. Batukaden Topaketaren berri ere eman zuen Dinbi Bandak.

Astelehenetik ostegunera

Normalean astelehenetik ostegunera emititzen da saioa ETB1en, gaueko bederatzietan. Aste honetan, ordea, Euroligako partidua jokatzen du Laboral Kutxa Baskoniak Emporio Armani Milan taldearen aurka. Zuzenean eskainiko du ETBk, 20:30etatik aurrera. Arrazoi hori dela medio, bihar ikusi ahalko da 'Gu ta Gutarrak' programaren aste honetako azken saioa, 21:00etatik aurrera.

Bihar gauean edukiko dute aukera herritarrek Dinbi Banda batukada taldearen musikaz gozatu eta Batukada Topaketen berri izateko, ETB1en, gaueko bederatzietan.