"Sexuen arteko bizikidetzarako erreferentziazko zerbitzua izatearen bidean" lanean jarraitzen du Lasarte-Oriako emakume zentroak. Horretarako, hainbat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu dute datorren lauhilekorako, "adin desberdinetako herritarrei zuzenduta ikasteko, parte hartzeko eta elkartzeko toki" izaten jarraitzeko asmoz.
Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuak saileko arduradunak, Maria Salsamendik eta Joana Azpitartek; emakume zentroko teknikariak dira Salsamendi eta Azpitarte. Emakume zentroan bertan azaldu dituzte ikastaro-eskaintzari buruzko xehetasunak, 12:30ean.
Iraupen desberdinetako ikastaroak
Azpitartek azaldu du "ikastaro luzeak eta motzak" prestatu dituztela datorren lauhilekorako. Guztira 22 izango dira, 13 luze eta 9 motz. Ikastaro motz guztiak doakoak izango dira. Luzeak, berriz, ordaintzekoak izango dira batzuk (7) eta doakoak besteak (6). Otsailaren 16 eta ekainaren 26 bitartean egingo dira ekintza horiek guztiak.
Ikastaro motzen artean, honakoak aurki ditzakete herritarrek: 'Menopausia modu positiboan nola bizi', 'Berdintasuna sustatu emakume eta gizonen artean', 'Ezetz da ezetz, gureak kaleak eta gauak' eta 'Sexualitate kontuak nola landu nerabeekin', besteak beste.
'Emakumeen artean elkarrizketa esparruak', 'Yoga', 'Jantzi konponketak eta patroiak', 'Euskararen txokoa' eta 'Bio-dantza' bezalako ikastaro luzeak eskainiko ditu emakume zentroak, ekainera bitartean.
"Ikastaro gehienak emakume zentroko teknikariek emango dituzte", jakinarazi du Azpitartek. Ekintzetan parte hartzeko aurre-inskripzioa egin beharko dute lehenik interesa dutenek. Emakume zentroan bertan egin beharko dute, 9:00etatik 13:00era eta 15:30etatik 19:00etara; otsailaren 2,3 eta 4a izango dira egunak. Ondoren, aurre-inskripzio hori berretsi beharko da otsailaren 9, 10 eta 11n, ordu eta toki berean.
Orain arte aipatutako ikastaroez gain, beste bi ekintza ere eskainiko ditu emakume zentroak KZgunekoekin lankidetzan: oinarrizko internet-a eta 'Google Aps' erabiltzeko kurtsoak.
Kirol-ikastaro berririk ez da egongo datorren lauhilekoan, irailean aurkeztu ziren ekintzak "urte osorako pentsatuak" daudelako, Gorka Lizarragak esan duenez. "Irailean hasi ziren kurtsoek aurrera jarraitzen dute, urte osokoak baitira", nabarmendu du.
Berdintasun diagnostikoa
Ikastaroez gain, beste hainbat ekintzatan buru-belarri daude murgilduta emakume zentroa eta Gizarte Zerbitzuak saila. Lasarte-Oriako Udaleko I. Berdintasun plana burutzen, esaterako. Horretarako, herriko emakume eta gizonen errealitatea ezagutzeko diagnostikoa ari dira egiten, eta biltzen ari diren datuei herritarren iritzia txertatu nahi diete, Gorka Lizarraga zinegotziak azaldu duenez.
Xede horrekin pare bat bilera antolatu dituzte: otsailaren 24an 18:30ean eta 25ean 11:00etan, Villa Mirentxun. "Bi saio antolatu ditugu ahalik eta herritar gehienengana iristeko: arratsaldean joan ezin duenak hurrengo goizean etortzeko aukera izango du, eta alderantziz", zehaztu du Lizarragak. Maria Salsamendi emakume zentroko teknikariak bileren garrantzia nabarmendu eta herritar guztiei luzatu die joateko gonbitea.
Era berean, Joana Azpitartek zehaztu du "ekintza ugari prestatzen" ari direla Emakumeen egunerako, martxoaren 8rako, eta "aurrerago" emango dituztela "xehetasun gehiago". Apirilean berriz, "Emakume zentroko barne araudia lantzeko" topaketa batzuk egingo dituzte, zentroaren jardunari buruzko hainbat irizpide ezartzeko.
Topaketak talde desberdinekin
Jubilatuen elkartearekin eta emakume etorkinekin ere pare bat topaketa egingo dituzte emakume zentrokoek.
Otsailean bilduko dira jubilatuen elkartearekin, Lizarragak aipatu moduan: "Sexu aholkularitza zerbitzua profil horretara zabaltzea da gure asmoa". Maiatzean berriz, emakume etorkinekin bilduko dira. Joana Azpitarte teknikariak esan du "emakume zentrora erakarri" egin nahi dituztela pertsona horiek, haien "kezka eta ezinegonak ezagutu eta jasotzeko".
"Indarkeria matxistaren aurkako eskuorria"
"Jostailu hezkidetzailea, ez sexista, ezta belikoa ere tailerrak izan duen arrakasta ikusita, datorren lauhilekora begira beste tailer bat antolatu dugu: 'Ezetz da ezetz, gureak kaleak eta gauak!' izenekoa", zehaztu du Lizarragak.
Tailer horretan "indarkeria mota desberdinak" landuko dituzte, eta parte hartzen duten neska eta mutilekin batera "indarkeria matxistaren aurkako eskuorri bat" osatuko dute, San Pedro jaietan banatzeko gero. "Lasarte-Orian azkenaldian pairatu ditugun kasuen aurrean sentsibilizazio kanpaina eta erantzuna da tailer hau", aipatu du Lizarragak.
Hiru kurtso Gaztelekuan
Beste alde batetik, Gaztelekuko Sexu informazio eta aholkularitza bulegoak hiru ikastaro antolatu ditu: 'Nola hasi, zaindu eta bukatu gure harremanak', 'Bideo pornoek eragina dute gure sexualitatea bizitzeko moduan?' eta 'Sexu aniztasuna, sexu orientazio ezberdinak modu desberdinak neska edo mutila izateko'.