Buruntzaldean 2014. urtean 140 lagunek atera zuten gidabaimena euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 28a, 16:21
Hernanin burutu da eguerdian 2014an gidabaimena euskaraz atera dutenen artean egin ohi den sari banaketa. Honakoa gidatu dute Boris Nogales Lasarte-Oriako euskara batzorde buruak eta Luix Intxauspe Hernaniko alkate eta euskara buruak. Herrian Mugica, Lasarte autoeskolan eta Izarran atera daiteke gidabaimena euskaraz eta horrenbestez, hiru sari banatu dira. 400 euroko saria jasoko dute Alex Altunak, Xabier Mitxelenak eta Asier Alberdik.

2014an gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz atera dutenen artean, formazioa eta azterketa, 400 euroko  11 sari zozketatu dira eguerdian Hernanin egindako ekitaldian, hau da, herri bakoitzean dauden autoeskola kopuru adina sari herriko.

Sariak herrika banatu direnez, autoeskola bakoitzean ibilitako ikasleen txartelak dagokion herriko kutxatan sartu dira. Ekimen honen antolatzailea Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuak dira.

Boris Nogalesek aipatu bezala,  Buruntzaldeko 10 autoeskola daude egitasmoaren baitan, Andoaingo Bengoetxea eta Mendi autoeskolak, Hernaniko Hernani, Lagunak eta  Otamendi autoeskolak, Lasarte-Oriako Izarra, Lasarte eta Mugica autoeskolak eta Urnieta eta Usurbilgo Solozabal autoeskola.

Luix Intxauspek azpimarratu du dagoeneko bost urte direla egitasmo hau aurrera eramaten eta urtetik urtera partaide kopurua igo egin dela. “Egitasmoaren arrakasta garrantzitsua da batez ere gazte jendeari zuzendutakoa delako. Euskaraz motibagarriak diren ekintzak izatea inportantea da hizkuntza ohiturak aldatzen diren adin horietan”.

Hernaniko alkateak aipatu duenez, 2010. urtean 34 ikaslek atera zuten gidabaimena euskaraz, 2011ean 60, 2012an 112, 2013an 135 eta 2014ean 140.

“Asmoa da atal praktikoa ere euskaraz eskaini ahal izatea eta horretarako eskualdeko mugak gainditu eta Gipuzkoa mailako beste eragile eta udalekin lanean ari gara hau lortzeko. Izan ere, gure eskualdean bezala, beste eskualde batzuetan gaiaren gainean ari ziren lanean”.

Herrian 21

Lasarte-Orian 21 lagunek atera dute gidabaimena euskaraz eta 3 sarituak Alex Altuna Egitegi, Xabier Mitxelena Lopetegi eta Axier Balerdi Erantzetamurgil izan dira. Hirurak Mugica autoeskolan atera dute gidabaimena. 

Sarituek astean zehar herrika antolatuko diren ekitaldietan jasoko dute 400 euroko saria.

Luix Intxauspek jakinarazi duenez, Buruntzaldeko udalek egitasmoarekin jarraitzeko asmoa dute eta 2015eko maiatzean ekingo diote zabalkunde kanpainari.