Joan den urteko jardunaren balantzea egin du Lasarte-Oriako KIUBek. Iaz 2.400 kontsulta tramitatu zituzten, eta 601 erreklamazio jaso. Kontsulta eta erreklamazio horietatik gehienak telefonia eta energia operatzaileei buruzkoak izan dira.
Bestalde, iragan urtean bederatzi ikastaro eskaini zituen guztira KIUBek. Horietan 153 pertsonak hartu zuten parte. Elikagaien manipulaziorako kalifikazioa jaso zuten kurtso horietan parte hartu zutenek.
Anbulategiko hirugarren solairuan dago kokatua KIUB, eta urte osoan zehar egiten du lan “erabiltzaile eta kontsumitzaileentzako informazio eta orientazio zerbitzuak eskainiz” eta haien “eskubideak babestuz”. Astelehenetik ostiralera irekitzen dute bulego hori, 9:00etatik 13:00era.
Kexak eta kontsultak
KIUBek balantzean aditzera eman duenez, “telefonia eta energia operatzaileenak” dira gehien kontsultatu eta erreklamatu diren gaiak.
Era berean, erreklamazio berriak ere egon dira zenbait arlotan. Banketxeen jardunari buruz egindako kexetan, esaterako: inbertsio eta maileguei buruzkoak.
Zenbait arlotan 2013an baino kexa gehiago erregistratu ziren joan den urtean. Garantien alorrari buruzko erreklamazio gehiago egin dituzte kontsumitzaileek, “garantietan adostutako baldintzak” bete ez direnean.
Bulegoko arreta
KIUBek informazioa ematen die herritarrei, kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen inguruan. Horiek egiten dituzten kexak, salaketak eta erreklamazioak ere jasotzen ditu kontsumitzaileen bulegoak.
Bi aldeen arteko bitartekotza ere egiten du, "akordio batera iristeko" asmoz, eta formakuntza ekintzak sustatzen dituzte.