Hainbat saiakera idatzi ostean ('Critica del pensamiento amoroso' eta 'Antropologia del cuerpo', besteak beste), 'Amaren heriotzak libreago egin ninduen' du izena Mari Luz Estebanek idatzitako lehen poesia-liburuak (Pamiela argitaletxea, 2013). Askatasuna, maitasuna eta heriotza bezalako gaiak jorratzen ditu liburuan, irakurleari barne-gogoeta sakonak egiteko aukera emanez.
Biharko saioan edukiko dute aukera Irakurle Txokora bertaratzen direnek gogoeta horiek idazlearekin berarekin partekatzeko, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Manuel Lekuona kultur etxean. Aurtengo laugarren saioa izango da, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren gidaritzapean.
Liburuaren idazle Mari Luz Estebanekin hitz egin du Txintxarrik, 'Amaren heriotzak libreago egin ninduen' gertuagotik ezagutzeko.
Poesia liburua eskuetan hartu eta lehen gogoeta esanguratsua tituluan bertan aurki daiteke: ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’. Zer esan nahi duzu horrekin?
Liburua osatzen hasteko nire ama hil ondoren idatzi nituen zenbait poema berreskuratu nituen. Izenburu hori berehala otu zitzaidan eta, nire ustez, ondo laburtzen du liburuan kontatu nahi nuena.
Irakurleek nola hartu dute zure liburuari eman diozun izenburu hori? Gogoeta indartsua eta gogorra da agian, baina azaleratu beharrekoa?
Denetarik egon da. Orokorrean esango nuke jendeak izenburu indartsu, iradokitzaile gisa ikusi duela baina, niri zuzenean ezer esan ez didaten arren, badakit gutxi batzuei ez zaiela gustatu ez izenburua ezta barruan horren inguruan idatzi dudana ere.
Hainbat gai jorratzen dituzu liburuan: maitasuna, gurasotasuna, amatasuna, heriotza, sexualitatea... Ez al zaizu zaila egin guzti horiek denak uztartzea?
Liburua “krisi baten kontaketa” da, eduki eta maila askotako krisia. Krisi edo egoera hori adierazteko zenbait gaiez baliatu naiz: horietako batzuk gai nagusiak dira eta beste batzuk aldiz osagarriak.
Idazleak poesia-multzo horren bidez egiten dituen gogoeta intimoek irakurleen barnean ere har hori piztea bilatzen al dute?
Suposatzen dut idazten dugun guztiok nahi dugula norberarentzat zentzua eta garrantzia duen zerbaitek eragin edo oihartzunen bat sortzea irakurleengan.
Baina oihartzun hori oso anitza izan daiteke, ezaxola edo gaitzespena barne. Azken batean liburua kalean dagoenetik ez da jada soilik zurea.
Liburuan agerian geratzen dira baita ere norberak bizitzan egiten duen bidearen eta maite dituzunekin dituzun harremanetan sortzen diren talkak. Heriotzara itxaron behar al dugu lotura horretatik ‘askatzeko’?
Ez. Hain justu, liburuan, beste zenbait ideiaren artean, harreman afektiboetan askatasuna bultzatzen saiatzeak ekar litzakeen ondorioez aritu nahi izan dut eta askatasun horrek berezko dituen paradoxez.
Heriotzaren ideiaren bidez muturrera eraman nahi izan dut argudio hori.
Liburua irakurle profil zehatz bati zuzenduta dagoela esango zenuke? Horrela bada, zer nolakoa?
Nire asmoa ez da izan irakurle profil zehatz bati zuzentzea liburua, jakinik gainera proposatzen diren ideien inguruan irakurketa ezberdinak egon daitezkeela. Bestalde, ezaguna da poesia beste literatur generoak baino gutxiago irakurtzen dela; beraz, hasieratik banekien irakurketa mugatuta egongo litzatekeela.
Emakumeen inguruan gaur egungo gizartean dauden zenbait estereotipo ere kritikatzen dituzu, ‘Eskapan’ eta ‘Neuk ere’ poesietan besteak beste.
Kritikatu baino, gai horietan “nire ahotsa” sortzea izan da nire asmoa, emakumeen inguruan dauden zenbait estereotipo auzitan jarriz eta emakumeen aniztasuna ere agerian utziz. Dena den, liburu hau nire beste idazlanekin eztabaidan jarri nahi izan dut ere bai, Crítica del Pensamiento Amoroso delakoarekin batez ere; bata eta bestea, nire ustez, elkar osagarriak dira.
Lehendik badituzu hainbat liburu idatzita, baina oraingo honetan poesia formatuan idaztera ausartu zara. Zer dela eta?
Saiakerak idazten hasi baino lehen poesia idazten nuen oso modu apalean, jakina. Azken urteetan antropologiako lanak idazterakoan estiloarekin esperimentatu dut pixka bat eta 'Crítica del Pensamiento Amoroso' liburua bukatzen nengoela pentsatu nuen bazela garaia idatzita nituen poesia haiekin zerbait egiteko eta berri batzuk idazten hasi nintzen.
Bihar Lasarte-Oriako Irakurleen txokoan ariko zara solasean irakurleekin. Egin al dituzu lehenago gisa honetako saioak? Zer iritzi duzu egitasmo hauen inguruan? Nolakoa da idazlea irakurleekin elkartzearen esperientzia?
Normalean, irakurle gisa parte hartu izan dut halakoetan eta interesgarriak iruditu zaizkit beti. Liburu honekin Durangoko Ahotsenean eta Basauriko Irakurle Klubean izan nintzen iaz, bietan oso gustura.
Atsegina da, eta bitxia aldi berean, irakurleek esaten dutena entzutea; askotan galderak edo iruzkinak errepikatzen dira baina beste batzuetan ustekabean harrapatzen zaituzte eta ez dakizu oso ondo zer erantzun. Dena den, onartu behar dut beldur pixka bat ere ematen didala liburuaz aritzean liburua “berrasmatzeak”.