Herriko lau ikastetxeek danborrada jo dute, San Sebastian bezperan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 19a, 19:42
San Sebastian eguna bihar den arren, gaur arratsaldean egin dituzte danborradak Lasarte-Oriako lau ikastetxeetako haur, gazte eta irakasleek. Donostiako egun handia izan arren, herrian ere errotuta dagoen jaia da eta halaxe erakutsi du haur eta gurasoen emozioak.

Besteak beste, Tatiago, Iriyarena, Polka, San Sebastian martxa, Realaren ereserkia, Lasarte-Oriakoa... jo dituzte, umore onean.

Bihar ez da eskolarik izango, jai izango dute lau ikastetxeetako haur eta gaztetxoek.

Sasoeta-Zumaburun, sukaldariz

Lehen aldiz, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko ikasle guztiak sukaldariz jantzita joan dira. Eurek egindako txanoak buruan, kamiseta txuria eta galtza urdinekin astindu dituzte danbor eta makilak. Ohi bezala, kolore txuri-urdina izan da protagonista Zumaburuko patioan eta Sasoetako gimnasioan. Raimundo Sarriegiren doinuei bolumena topera jarri eta erritmoa zintzo eraman dute gaztetxoek, irakasle eta zuzendarien laguntzaz.

Burunzpe guraso elkarteko kideek ere parte-hartu nahi izan dute danborradan eta ia-ia gaztetxoak bezainbeste, edo gehiago gozatzen ikusi ditugu danbor eta makilak eskutan.

Danbor hotsak Landaberri-Garaikoetxean

Garaikoetxeako haurrek bezainbeste gogo zituzten gurasoek gaurko ikuskizunaz gozatzeko, hasi baino hogei minutu lehenago ilara egiten ari baitziren sartzeko. Merezi izan du itxaronaldiak, Garaikoetxeako haur eta irakasleek, zuriz jantzita, ikuskizun bikaina eskaini baitute danborrak astinduz.

Euri-tanta batzuk erori badira ere, Landaberri ikastetxeko ikasle eta irakasleek emanaldia ez dute zapuztu, eta gogotik gozatu dute ikusleek. Zuzendarien erritmoa bikainki jarraituz astindu dituzte danborrak gaztetxoek. Orain dela gutxi bukatu badute ere, ziur datorren urterako gogotsu daudela jada.

Ikastetxeetako danborradek emandako irudiak bildu ditu Txintxarrik, argazki galeria batean.