Urteroko hitzorduari jarraiki, hainbat herritarrek munduan zehar bizitako esperientziak azalduko dituzte irudien laguntzarekin.
Azaroan egin ohi zen bidaizaleen topaketa otsailera aldatu zen iaz horrela “urte berriko oporraldiak antolatzeko lagungarri izan daitezke saioak”.
Lehenengo emanaldia otsailaren 4koa, Sonia Rodriguez herritarrak eskainiko du. “Jordania bizikletaz eta eskalatzen” da bere saioari emandako izena eta horrela Jordanian barrena bizikletaz egindako ibilbide eta bisitak azalduko ditu. Horretaz gain, eskalada zaleentzat leku onak eskaintzen ditu herrialdeak eta aukera ez zuen galdu nahi izan Rodriguezek. Guztiaz mintzatuko da argazki ederrekin lagunduta Jalgin egingo den saioan.
Jordaniatik, Marokora egingo da salto. Otsailaren 11ean Josu Agirretxerekin. Bere aurkezpenari “Atlas ezezaguna 10 egunetan” izena jarri dio eta mendia ez ezik, mendikate honen inguruan ezagututako herrixkak eta jendeaz hitz egingo du.
Mendia utzi gabe, Ostadar mendi saileko kide batzuek Pirinio eta Alpetako irudiak ekarriko dituzte otsailaren 18ko saiora. Egonaldi ezberdinetan, mendiak igo edota eskalatzen aritu dira paraje ederretan. Hauek urtero dute ohitura eskalatzera irteerak antolatzeko eta ez da lehenengo aldia izango Jalgiko hitzordu honetan parte hartzen dutela.
Azkeneko saioa otsailaren 25ean izango da. Kasu honetan Ainhoa Ortegak bizitakoak ezagutzeko aukera izango da. Vietnam hegoaldean izan zen baita Kanbodian ere eta hauen inguruan arituko da.
Solasaldia
Saio guztiak 21:30ean izango dira Jalgin. Bataz beste, 40 minutuko irudi bidezko aurkezpena prestatu dute partehartzaileek eta hauen ondoren, ikusleek nahi beste galdera plazaratu ahal izango dituzte ikusi eta entzundakoaren inguruan. Helburua solasaldia egitea da giro onean. Tarte horretan izango da zer jana antolatzaileen esku. Saioak doakoak dira eta antolatzaileek hauetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Aukera aparta, munduko txoko, kultura, paisaia... ezberdinak ezagutzeko etxetik ia mugitu gabe.