Irisasi BTT proba igandean, Andatzan barrena

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 20a

Duela hiru urte antolatu zuen Usurbilgo Irisasi BTT taldeak 'Hotzak akabatzen' bizikleta martxa herrikoia lehen aldiz eta iaz 300 bat txirrindulari izan ziren proba honetan parte hartu zutenak, horietako hainbat lasarteoriatarrak. Andatza mendizale taldea, BAZPI Txirrindularitza Eskola eta Gipuzkoako DYAren laguntzarekin, dena prest dute igandean Andatzan barrena pedalei eragiteko. Urtarrileko azken igandean ziur hotza, lokatza eta euria izango direla protagonista, probari gogortasuna gehituz.

Irteera goizeko 9:30etan emango da Usurbilgo frontoian eta 30 eta 40 kilometroko bi ibilbide izango dituzte aukeran partaideek. Ibilbide luzeak 1.300 metroko desnibel positiboa izango du eta 900ekoa ibilbide motzak. 
Antolatzaileek halere, ibilbidea aldatu dezakete eguraldiaren baldintzen eta mendiaren egoeraren arabera. Izan ere, Andatzatik egurra atera-tzen ari dira eta ez dakite ziur gainaldea nola topatuko duten.

Izen-ematea irekita
Inskripzioari dagokionez, Internet bidez egin daiteke kirolprobak.com helbidean urtarrilaren 23a baino lehen. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek 18 euro. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, goizeko 8:30etik 9:15era. Kasu horretan, guztiek 22 euro ordaindu beharko dituzte.

Probaren xehetasunak
Parte-hartzaile guztiek bi opari jasoko dituzte, Saizar sagardotegiko sagardo botila eta Craft markako kirolerako kamiseta bat. Horiez gain, beste hamarnaka opari zozketatuko dira ziklista guztien artean. 
Indarrak berreskuratzeko aukera ere izango da proban zehar. Ibilbideko postuetan janaria eta edari beroa izango dituzte eta proba amaitzean hamaiketakoa banatuko da txirrindulari guztien artean. Ibilbidean asistentzia-laguntza izango da eta dutxa beroa har-tzeko aukera Oiardo kiroldegian. Mangerak ere jarriko dira bizikletak lokatzez garbitzeko.

Lasarteoriatarrak, prest
Denera herriko 20-30 bat lagun batuko direla esan du Mikel Calvo MKL dendako mekanikari eta txirrindulariak: “Zirkuitua polita da, ez da bereziki teknikoa, baina bidean ziur lokatza egongo dela eta horrek gauzak zailduko dizkigu. Gainontzean giroa bikaina izan ohi da eta antolakuntza ere bai, ez dago aitzakiarik, animatu!”.