Lasarte-Oriako Podemos-Ahal Dugu taldearen aurkezpena egin da Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan, herritar asko gerturatu da bertara aretoa bete artekoa. Hizlari lanetan aritu dira orain arte Ahal Dugu alderdia herrian osatzeko lanetan aritu diren pertsonak, horien buru edo koordinatzaile, aurkezpenean azpimarratu bezala, Santiago Calahorra izanda.
Hizlarietako batzuek euren azalpenak bi hizkuntzetan emateko ahalegina egin dute. Taldearen finantzaketari dagokionez, kide bakoitzak aportatzen duenarekin aurrera egiten dutela azaldu dute, “ez dugu banketxe batean kreditu bat eskatuko. Ez dugu sistema horretan sinisten”.
Zirkulo bakoitza ere independentea dela argi utzi nahi izan dute “Donostiako zirkulukoek ez digute esango zer egin edota nola jokatu behar dugun gure herrian”. Erabakitzeko eskubidea modu zabalean defendatzen dutela ere esan dute, “sigla politikoetatik haratago, herritar bakoitzak bere etorkizuna, herria, estatua nolakoa nahi duen erabakitzeko eskubidea duela uste dugu. Ez dugu etiketarik nahi, denentzat, herritarren osotasunean pentsatu behar dugula uste dugu”.
Herriak egun duen %18 langabetu tasa oso larria dela aipatu dute eta lehentasunezko gaia izan beharko luke hau euren hauteskunde programan. “Hala ere, hau osatu gabe dago, jende gehiago nahi dugu gurekin gai ezberdinen inguruan eztabaidatu eta programa hau osatzeko”. Prozesu parte hartzaile eta irekia da Podemosek herrian burutu nahi duena, “zerrendak ere hala osatuko dira, hauetan egon nahi duen jendearekin osatu eta ostean bozka bidez alderdia babesten duten herritarren artean, erabakiko da azkenean aurkezten dena”.
Aztertu beharreko gaiak
Hauteskunde programa osatuta egon ez arren, hainbat gai zerrendatu dituzte lehentasunezkotzat jotzen dituztenak, “orain arte bildutako jendearen artean uste dugu hauek direla kontutan hartu beharrekoak, hala ere, zirriborro bat besterik ez da eta lan sakona egin nahi dugu honen gainean”.
Lehentasuna lana sortzea izango litzateke aurkezpenean azaldu dutenez, “udalean lanpostu gehiago sortu daitezkeela uste dugu”. Etxebizitza sozialak, menpekotasuna duten pertsonentzat laguntza gehiago, herriaren parte hartzea udal erabaki guztietan, zerbitzuak hobetu, haurrentzako estalita dauden parke edota jolaslekuak sustatzea, obra eta zerbitzuen kontratuen esleipena beti deialdi publikoz egitea, “18.000 euro azpikoak ere, eta noski, inoiz ez kontratu horiek zatitu deialdi publikoz esleipena ez egiteko. Izan ere jardun arrunta da erakunde askotan”; azkenik, hezkuntza eta kirol alorretan hobekuntzak egingo lituzke Podemosek “denek dakigu kirol instalazio zaharkituak ditugula batetik eta Michelingo kirol gunea esaterako beti beteta dagoela. Arazo hauei irtenbidea bilatzea funtsezkotzat jotzen dugu. Aldi berean, hezkuntza oso gai garrantzitsua dela uste dugu eta konpromisoa azaltzen dugu herriko eskoletako guraso elkarte eta gainontzeko eragileekin batera lan egiteko, beti ere herriko zentroen arteko berdintasunezko tratua bermatuz”.
Azken puntuan, “gizarte aholkularia” figura sortzearen aldeko apustua egingo luke Podemosek “udalera herritar batek kexa bat edo arazo baten berri eman nahi duenean, uste dugu ez zaiola behar besteko garrantzia eta jarraitu beharreko pausuen aholkularitza ematen. Figura honen funtzioa kexa edota zalantza eta arazoak modu egokian bideratzea litzateke, formulario bat betetzea ez zaigu nahikoa iruditzen”.
Bukatzeko, Santiago Calahorrak azaldu du hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko hauteskunde legeak 500 herritarren bermea edo babesa lortzea eskatzen duela eta horretarako, sinadura bilketa kanpaina martxan jarriko dutela postuak jarriz etab. Herritarrak euren bileratan parte hartzera gonbidatu ditu modu zabalean eta zerrenden osaketa ere modu irekian egingo dela azpimarratu nahi izan du.
Eskerrak eman eta politika beste modu batera egitea posible dela esan diete herritarrei “eurek onartutako tasa eta zergak ordaintzeaz harago, herritar bezala gure herriaren norabidea erabakitzeko eskubidea dugu”. Bukaeran herritarrek izan dute aukera galderak egiteko.