Ibarreko zokondotik hedatzen da basora bisutsa, motel, ahul, baina sarkor. Lanbro lauso mehe eta hertsi artetik, doi-doi ikus daitezke urre-gorrizko zuhaitzetan elur-lapatx zertzelada zuriak. Udazken kolore oparoa galdu du basoak, lokarturik dirau herioaren zain, duin, non hostoak askatzen diren xume, pausatu arteko eten gabeko orbel bidaian, xalo.
Iragana dira hego haize jostariak olgetan sorturiko orbel zurrunbilo eta ziztu hotsak. Iluna gailendu zaio argiari. Eguna amaitzean zabaltzen da gaua, heze, hotz eta batez ere, luze.
Baratze bideak hutsak daude, masusta larrak bere onenak emanda, makurturik, eta soro larreak gordin biluzturik. Badira aste batzuk baratzeko azken lorea bildu nuela, zein eguerdiko argi zuri eta epel ahulari, umiltzen zitzaion negu atariko hotzaren aurrean.
Hotzaren gatibu bilakatzen gara, hotzaren menpeko. Odola egiten zaigu hoztu, bihotza moteldu eta gorputza gogortu. Denboraren orratzak ere izoztu, eta orduak luzatu, non orainak ez duen aurrera egiten eta iragana etortzen zaigun gogora, astun eta nagi.
Hodeien barnetik, hasi da erruz goitik, elurra ari du gogotik. Arnas lurrin bakartien artetik, eta inoren hanka arrastoen atzetik, galtzen naiz etxeranzko kaleetan, negu koloretan, negu gorrian, elur zuritan. Ez nau izutzen heldu den neguak, nahiz datorren makur, latz, eta gordin.