Euskahaldundu gaitezen' lelopean, martxoaren 19tik 29ra zeharkatuko du Korrikak Euskal Herria. Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da aurtengoan.
Lasarte-Oriari dagokionez, martxoaren 22an pasako da Korrikaren 19. edizioa herriko kaleetatik. Lekukoa Donostiako Errekalde auzoan hartuko dute lasarteoriatarrek eta herriko hainbat kale eta auzo zeharkatu ondoren, Usurbildarrei pasako zaie hipodromoko zubian.
Korrika batzordea osatu
“Korrikaren oihartzuna ahalik eta ozenena parte hartzaileena” izan dadin, Lasarte-Oriako Korrika Batzordea osatzeko bilera egingo da urtarrilaren 23an, ostirala, 18:00etan Muntteri-AEK euskaltegian, Geltoki kalea 17.
“Herriko elkarte zein norbanako guztiei bertara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, guztiak izango zarete ongi etorriak”, azpimarratu nahi izan dute euskaltegitik.
“Meta ditzagun gure indarrak, auzolanean eta elkarlanean, euskaraz biziko den herria lortzeko. Gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea”.
Muntteri euskaltegitik aipatu dutenez, Korrikaren inguruko informazio guztia zabaltzeko Facebook-eko orrialde bat sortu dute 'Korrika 19 Lasarte-Usurbil' izenarekin.
“Korrika dela eta herrian egingo diren ekintzen inguruko informazioa sare sozial honetatik zabaldu eta aurreko urteetako argazkiak elkarbanatzea da xedea, herria pixka bat girotzen hasteko. Interesa baduzue atsegin dut besterik ez duzue klikatu behar”.
Aldi berean, herritarrak animatzen dituzte aurreko edizioetako Korriketan ateratako euren argazkiak bertan jartzera.
Arropa salgai
Bestalde, korrikako arropa dagoeneko salgai dago. Euskaltegian bertan eskuratu daiteke honako ordutegian: Astelehenetik ostegunera, 09:30-13:00/16:00-19:00.
Ostiraletan berriz, ordutegia 09:30tik 13:00era da.
943 37 28 63 zenbakira telefonoz deituta ere edozein zalantza argituko dutela adierazi dute Muntterikoek.
Arropa erosteaz gain, korrika laguntzaile egiteko aukera ere dagoela aipatzen dute euskaltegitik.
“AEK-k 1980an lehenengo Korrika antolatu zuenetik 18 Korrika eta 34 urte igaro badira ere, herria euskAHALduntzen jarraitzeko laguntza behar du, inoiz baino gehiago”.
Urteek aurrera egin badute ere, helduen alfabetatze eta euskalduntzerako dauden diru-laguntzak “ez dira nahikoak”.
Iparraldeko eta Nafarroako ikasguneen egoera berriz, “larria” da, “eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru-laguntza politika oraindik ere ez da nahikoa”.
Hori dela eta, Korrikak 'Laguntzailea' kanpaina ere jarri du abian.
12 euroren truke Korrika diruz laguntzen dutenek 'Laguntzaile' direla adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izateko txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa eskuratuko dituzue.
Korrikak eta AEK-k herritarren laguntza ezinbestekoa duela aipatzen dute sustatzaileek. Horregatik, lasarteoriatarrek aurreko edizioetan bezala Korrikarekin bat egitea espero dute Muntterikoek.