Gari Arteaga garaile ehiza txikiko Urnietako txapelketan

jon-altuna-egitegi 2015eko urtarrilaren 15a

Adarra-Aballarri inguruan ospatu zen joan zen asteburuan Santa Cruz elkarteak antolatutako ehiza txikiko txapelketa eta Garikoitz Arteaga herritarrak jantzi zuen txapela, Pitu txakurraren laguntzaz.

Bost pieza bota zituen denera Arteagak eta horrek 510 puntu eman zizkion. Bigarren egin zuen Xabier Amantegik, lau pieza eta 415 punturekin; hirugarren postuan berriz, Borja Granado eta Ibai Gorostidi sailkatu ziren launa pieza bota eta 410na puntu eskuratuta. 

Harrituta zen Arteaga 12 parte-hartzaileen artean onena izan ostean: “Zorte kontua izan da, goizean goiz askatu zituzten faisai eta eperrak eta denek mendian gora jo zuten bitartean nik behera egin nuen. Lehen ordu erdian bota nituen bostak”.

Lau orduko epea izan zuten parte-hartzaileek goizeko 9:30etatik hasita Adarra inguruan gora eta behera ibilita, ahalik eta ale gehien ehizatzeko. Arratsaldeko 13:30ak baino lehen Besabin egon beharra zeukaten azken kontaketa egiteko.

“Behe-lainoak asko zaildu zizkigun gauzak, arerioak ere gogorrak ziren, kirolariak. Ni oso sasoian ez nagoenez, ez nuen nire burua gehiegi estutu eta begira, sekulako zortearekin eper eta faisaiak parean tokatu zitzaizkidan”, zioen Gari Arteagak.