Manuel Lekuonan eduki digital berriak eskainiko ditu Kultura departamentuak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 15a

Lasarte-Oriako zinearen digitalizazioak aukera berri ugari ekarri ditu: pelikulak 3Dn, berriki estreinatuak izan diren filmak askoz ere lehenago ikusi ahal izatea...eta baita "eduki digital berriez" gozatzeko aukera izatea ere. Hau da, beste leku batzuetan aurrez grabatuak izan diren opera, kontzertu eta antzeko ikuskizunak herrian bertan ikusi ahal izatea.

Lasarte-Oriako kultura departamentuko ordezkari Boris Nogalesek, Xabier Goitiak eta Juantxi Ugartek prentsaurrekoa eman dute eduki berri hauei buruzko azalpenak emateko. 12:00etan izan da, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan. 

'Opera Tosca'

Hori da eduki digital berri sorta horretako lehen emanaldiaren izena. Urtarrilaren 24an eskainiko dute Londresko 'Royal Opera House' mitikoan aurrez grabatua izan zen opera. Bi ordu eta hogei minutu irauten ditu ikuskizunak. 

Boris Nogalesek zehaztu duenez, sarrerak 7,50 eurotan eskuratu ahalko dira aurresalmentan (Interneten). Leihatilan salgai jarriko diren sarrerek berriz, 9 euro balio dute. "Aurtengo ikasturtean martxan jarri ditugun bonoetan ez dira sartuko sarrera hauek", esan du Nogalesek. 

Urtarriletik apirilera bitarte

Urtarrilaren 24ko opera ez da emanaldi bakarra izango; beste hiru gehiago eskainiko dituzte. Guztiak izango dira larunbat arratsaldetan: otsailaren 21ean 'Amor vida de mi vida' zarzuela eskainiko dute, Salzburgoko Jaialdian aurrez grabatua izan zena. Martxoan berriz, musika talde mitiko baten kontzertuaz gozatu dezakete herritarrek Manuel Lekuonan: 'Queen' taldeak Montrealen 1981ean eskaini zuen kontzertua proiektatuko dute. Martxoaren 28an izango da hori. Apirilerako ere aurreikusi dute beste emanaldi bat, baina oraindik "zehazteke" dago, Nogalesek aurreratu duenez.

Ikuskizun horien prezioak 'Opera Tosca'-renak bezalakoak izango dira: 7,50 euro aurresalmentan eta 9 euro leihatilan. Hilabetero obra bat eskainiko dute, larunbat arratsaldeetan guztiak. 

"Aukera berriak"

Nogalesek adierazi du zinearen digitalizazioak "aukera berriak" sortu dituela kultura eskaintzerako orduan: "Datozen lau hilabeteetan zine pantaila berrian aurrez grabatutako obra klasiko batzuk ikusteko aukera edukiko dugu. Oraindik ezin ditugu gisa horretako ekitaldiak zuzenean eskaini, baina etorkizunera begira baztertzen ez dugun aukera bat da". 

"Obra klasikoak atsegin dituen ikuslegoa erakarri nahi dugu Manuel Lekuonara, ikuskizun horietaz Lasarte-Orian bertan gozatzeko aukera eman nahi diegu", nabarmendu du Juantxi Ugartek. "Espero dugu ikusleen gustukoak izatea datozen hilabeteetan eskainiko ditugun eduki digital berriak", zehaztu du.