Amets zirkoa Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 15a, 11:30

Lasarteoriatarrek badute plana bihar iluntzerako: ‘Amets zirkoa salgai’ antzezlana taularatuko du Aldatzen laguntzen antzerki taldeak, arratsaldeko 20:00etan, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.

Sarrerak bi modutara eskuratu daitezke: aurresalmentan Internet bidez (3 euro) edo bestela leihatilan bertan, ostiralean, 5 eurotan. Kukuka dantza eta antzerki eskolak antolatu du emanaldia, eta ikustera joateko gonbitea luzatu die lasarteoriatarrei: “Animatu familia osoarekin, denok ikusteko moduko antzerki bikaina da eta!”.

Amets zirkoa

Erabaki latz bat hartu behar izan dute Xorroxin eta Azken pailazoek. Amets zirko bat daukate bi pailazoek, itxi eta saltzen jarriko dutena. Horren aurretik azken emanaldi bat eskainiko dute, hainbat artistekin batera Euskal Herri osotik zirkoa bizkar gainean hartuta ibili ondoren.

Azken emanaldi horretan beraiek bakarrik egingo dituzte zirkoko esketx guztiak, gainontzeko artistak kalera bota behar izan baitituzte. Bi pailazoek euren intentzio onenarekin saiatuko dira ikuskizuna aurrera eramaten, umorea ardatz harturik. Dena dela, momentu gogorrak ere ikusiko dira amaieran, Xorroxin eta Azken jabetuko direla amaitzera doala euren bizitzeko modua.