"Geratuta dauden proiektu estrategikoak aktibatzeko" eskatu dio EAJk Udal Gobernuari

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 14a

"Proiektuen xehetasun guztiak prest dauzkagu jada, baina horiek aktibatzea falta da, eta alkatearen zeregina da hori. Egitasmo horiei lehentasuna eman eta aktibatu arte guk ezin dugu besterik egin". EAJren bozeramaile eta Ogasun Batzordeko buru Estitxu Alkortaren hitzak dira. Prentsaurreko bat eman du 12:00etan, "geratuta" dauden egitasmo horiek martxan jartzeko eskatzeko.

Alkortak zehaztu duenez, bi proiektu daude uneotan "aktibatuak izateko prest": Udaletxe zaharrean kokatuta dauden 45 metro karratuko bi pisu (Euskara eta Idazkaritza bulegoak izan zirenak) eta Okendoko garajeak. Era berean, agerraldian 2015eko aurrekontuei buruz aritu da, eta zehaztu du "lehenengo zirriborroa" oraindik ez dutela jaso Ogasun batzordean: "Era berean, ogasun lehendakaritzak ez du parte hartu aurrekontuen osaketan".

Udaletxe zaharreko bi pisu

"Orain dela hilabete batzuk amaitu genituen pliegoak, udaletxe zaharreko bi pisu enkantera ateratzeko baldintzak erregulatzen dituztenak", nabarmendu du Alkortak. "Ogasun eta ondare teknikariek egin dute euren lana eta pliegoak idatzi dituzte, baina proiektua ezin dugu aurrera eraman, alkateak geratuta daukalako Idazkaritzan". 

Ogasun batzordeko buruak adierazi du pisu horiek "erabat berritu" egin behar direla, baina merezi duela lehenbailehen aktibatzea proiektu hori, "herriko gazteentzat interesgarria" izan daitekeen proiektua delako eta "diru-sarrera" iturri bat izango delako Lasarte-Oriako Udalarentzat. 

Okendoko garajeak

"Udaletxe zaharreko pisu horiekin gertatu bezala, Okendoko garajeak alokairura ateratzeko baldintza eta xehetasun guztiak prest dauzkagu jada", aurreratu du Alkortak. "Pliegoak idatzita daude eta batzordean onartu ditugu, izen-emate zerrenda ere egin dugu eta urrats garrantzitsuena, erregistroan sartzearena, emanda dago. Proiektua alkateak aktibatzea falta da". Azaroan izan ziren errregistratuak garajeak.

"Beste lehentasun batzuk"

Bi proiektu horiei buruz hitz egin ostean, Alkortak esan du Udal gobernuaren lehentasunak beste batzuk direla: "Bi egitasmoak prest dauzkagu, baina 2015eko aurrekontuak eta udaletxearenak diren lokalak elkarteei uzteko prozedurak dira alkatetzaren lehentasunak. Okendoko garajeek itxaron egin beharko dute, eta udaletxe zaharreko bi pisuek ere bai, udaletxeak jaso ditzakeen diru-sarrerak atzeratuz eta gutxituz".

Agerraldia amaitu baino lehen azpimarratu du Ogasun batzordeko lehendakaritzak ez duela "aurrekontuen lehen zirriborroa jaso oraindik", "inork" ez diola "kontsultatu" aurrekontuei buruz eta ez dutela parte-hartu aurrekontuen osaketan. "Era berean, EH Bilduri esan nahi diogu prest gaudela aurrekontuei buruz hitz egiteko, ulertzen dugulako negoziatzea beharrezkoa izango dela proiektua aurrera ateratzeko".

"Espero dugu gaur egin dugun salaketa publiko honek proiektuak martxan jartzeko balioko duela eta baita 2015eko aurrekontuen negoziaketa prozesua abian jartzeko", amaitu du Alkortak.