Gai-zerrendako lehen puntua 2014ko uztailaren 8an egindako bilkuraren aktaren onarpena izan da. Akta onartu ostean, PSE-EEko zinegotzi zen Nerea Artamendiren idatzia irakurri du Pablo Barrio alkateak. "Arrazoi pertsonalak eta profesionalak" argudiatuta erabaki du Artamendik bere karguan ez jarraitzea. Talde sozialistak ez du komentariorik egin horren inguruan.
Antxisu eta Oria
Hirugarren puntuan PSE-EEk aurkeztutako “Oria eta Antxisu auzoetan N-1 errepidera sarreraren hobekuntza” izeneko mozioa eztabaidatu dute alderdiek. Sozialisten bozeramaile Jesus Zaballosek irakurri du testua, eta ondoren alderdiek euren botoa azaltzeko aukera izan dute.
EH Bilduren izenean hartu du hitza Nerea Sanchez zinegotziak. Zehaztu du EH Bilduk "ezezko botoa ematea" erabaki duela, errepideko sarrera hori hobetzea "uneotan ez delako lehentasunezko proiektu bat" koalizio abertzalearentzat. Erabaki horren inguruko arrazoiak azaldu ditu Sanchezek: "Zubietako zenbait proiektu handi geratuta daude uneotan (kartzela, industrialdea eta hondakinak tratatzeko planta),garapen prozesua geldi dago. Zubieta garatzen hasten denean bai, orduan lehentasunezko proiektua izango da hori eta esku-hartuko da bertan". Azpimarratu du hobetze lan horrek "sei milioi euroko inbertsioa" eskatzen duela, eta "gaur egungo egoera ekonomikoa" ikusita "handinahikeria" dela gisa horretako inbertsio bat egiteko eskatzea, "epe labur batean". Sanchezek zehaztu du gune horren inguruan badaudela lehentasuna daukaten beste arazo batzuk, Oriako gasolindegi pareko irteerarena esaterako.
Zaballosek hartu du hitza ondoren, EH Bilduren adierazpenei erantzuna emateko. "Ez dugu ulertzen zergatik bozkatuko duen EH Bilduk guk aurkeztutako mozioaren aurka. Oriako eta Antxitsuko bizilagunek dituzten soinu eta zirkulazio arazoak estaltzen ari direla iruditzen zaigu". Era berean, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren lana kritikatu du: "Lasarte-Oriako pleno aretoan egon da Garitano, baina argazkia egin eta alde egiteko bakarrik, erabat ahaztuta baitauzka herri honetako arazoak". Sanchezek erantzun dio udal gobernuak gonbidatu zuela talde sozialista Garitanorekin egindako bilerara, baina "PSE-EE ez zela agertu".
Azkenean aurrera atera da mozioa, aldeko 12 bozka (PSE-EE, EAJ, LOHP eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri) eta kontrako 5ekin (EH Bildu).
Pariseko atentatuen biktimekin "elkartasuna"
PSE-EEk adierazpen bat eraman du gaurko udalbatzarrera, Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzan gertatutako atentatuaren biktimei "elkartasuna" adierazteko. EH Bilduk ere biktimekiko "samina eta elkartasuna" adierazi du, eta zehaztu du "alderdi guztiek batera" salatu behar dituztela gisa horretako erasoak.
Aho batez onartu dute alderdi politikoek talde sozialistak aurkeztutako adierazpena.
"Oinarrizko giza eskubideen alde"
Gai-zerrendan agertzen ez zen arren, EH Bilduk "oinarrizko giza eskubideen alde" izeneko mozioa eraman du udalbatzarrera, Espainiako Gobernuak atzo egindako atxiloketen harira (euskal preso politikoen zenbait abokatu hartu zituen atxilo Guardia Zibilak). Koalizio abertzalearen hitzetan, "atxiloketak atzo bertan gertatu zirelako" eraman dute urgentziazko mozioa udalbatzarrera. Edukia plazaratu eta eztabaidatu aurretik, alderdiek bozkatu behar izan dute mozioa "urgentziazkoa" zen ala ez. Aldeko 16 boto eta abstentzio bakarrarekin mozioaren edukia eztabaidatzeari ekin diote.
Nerea Sanchez mozioa irakurtzen hasi eta berehala EH Bilduko gainontzeko zinegotziek afixa batzuk hartu dituzte eskuetan: 'Je suis basque. Konponbideari erasorik ez!' irakur zitekeen karteletan. Horren aurrean, PPko zinegotzi Vanessa Velezek Nerea Sanchezen txanda moztu eta "errespetu falta ikaragarria" dela esan du. Pablo Barrio alkateak Velezi eskatu dio "txanda errespetatzeko", bestela "pleno aretotik irteteko" eskatuko ziola. PPko zinegotziak jaramon egiten ez ziola ikusita, aretoa uzteko eskatu dio Barriok Velezi, baina ez da joan. Horren aurrean, alkateak udaltzainei deitu die eta azkenean Vanessa Velezek aretoa utzi du. PPko zinegotziarekin elkartasuna adieraziz PSE-EEk ere aretoa utzi du.
Horren ostean, Nerea Sanchezek berriro hitza hartu eta mozioa aurkeztu du udalbatzarrean: "Espainiako Gobernuaren jarrera ez-demokratikoa agerian geratu da beste behin, polizia operazio kalkulatu honekin. Euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren zenbait pertsona atxilotu dituzte, politikoki aukeratua eta mendekuz josia izan den operazio batean. Espainiar estatuaren etengabeko burla baten menpean gaude", adierazi du Sanchezek.
Onartua izan da mozio hori ere, bost aldeko bozka eta beste hainbeste abstentziorekin. Bozkatu aurretik EAJren bozeramaile Estitxu Alkortak zehaztu du alderdi jeltzaleak botoa ez zuela emango, "deseroso" sentitu delako "udalbatzarrean ikusitako formen aurrean". Ondoren, idazkariak zehaztapen bat egin dio EAJri: aipatu du alderdi batek botoa emateari uko egiten dionean bozka horiek abstentzio gisa kontatzen direla.
Galderak eta erreguak
Gai-zerrendako azken puntua, ohi bezala, galderak eta erreguak izan dira. Herritarrek aukera izan dute euren kexa eta eskaerak plazaratzeko udalbatzarrean. Herritarrek planteatutako gai guztiek jaso dute erantzuna ordezkari politikoen ahotan.