Epaitegi honek ebatzi du ez zaiela euskal presoei Frantzian betetako espetxe urteak Espainiako zigorretik kenduko. Europara jotzeko aukera dute presoek orain helegite bat aurkeztuta.
Santi Arrozpide
Gorenaren erabakiarekin, hedabide ezberdinek azaldu dutenez, Arrozpide espetxera bueltatu beharko luke. Hala ere, gertukoek ezin izan dute zehaztu zein egoeratan geratzen den Arrozpide.
Abenduaren 4ean Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko lehen sekzioak onartu egin zuen Santi Arrozpideri Frantzian preso egin zituen espetxe urteak aintzat hartzea. Ondorioz, herritarra aske uzteko agindu zuen.
Espainiako Gobernuak zigorrak metatzeko Europako arau bat bere legedian txertatu ondoren iritsi zen Arrozpideren askatasuna. Lasarteoriatarrarekin batera, Alberto Plazaola oñatiarra ere aske utzi zuten. Fiskaltzak erabakia Auzitegi Gorenera errekurritu zuen orduan.
Frantzian edo Iparraldean atxilotu eta zigorrak bertan bete ondoren Espainiak ere zigortu zituen euskal presoetako bi ziren Plazaola eta Arrozpide. Lege honen irizpidearen arabera, Frantzian betetako espetxe urteak kontuan hartu, eta Espainiako kartzeletan bete beharreko urteei gutxitu beharko zitzaizkien.
Arrospide 2025ean zen irtetekoa, baina lege hau indarrean, 2013a zen irteera urtea, beraz, aske utzi behar izan zuten. Izan ere, zigorrak Europako Batasunean modu bateratuan hartu behar direla dioen 7/2014 araua indarrean jarri zuten orduan.