Ikuskizuna Krosaren Katedralean

jon-altuna-egitegi 2015ko urt. 11a, 20:30
Teklemarian Medhin eritrearra gizonezkoetan eta Betsy Saina keniarra izan dira azkarrenak goizean 60. Nazioarteko krosean. Ohi bezala, eliteko atletez gain Gipuzkoako atleta gaztetxoek euren maila erakusteko aukera izan dute Hipodromoan, Krosaren Katedralean. Aurten berrikuntzen urtea izan da halere. Lehen aldiz, ez da urtarrileko azken igandean jokatu eta gainera, lasterkari herrikoientzat Donostia eta Lasarte-Oria batu dituen 12 kilometroko krosa egin dute, asfaltoa eta mendia nahastuta.

Koroa hirukoitza jantzi du Teklemariam Medhin eritrearrak Lasarten. Aurrez 2009 eta 2013. urtean jaso zituen bi besoak Hipodromoko azken zuzengunean eta hirugarren garaipen honekin, 60ko hamarkadan oinutsik korrika egiten zuen Mamo Wolde atleta historikoaren marka berdindu du.
Emakumezkoetan, estreinekoz irabazi du Donostian Betsy Saina keniarrak, pistan 5.000 eta 10.000 metroetan espezialista den iraupen luzeko atleta gazteak. 
Gizonezkoen podiumera Teklemariam Medhin (ERI), Timothy Toroitich (UGA) eta Elvis Cheboi (KEN) igo dira.Emakumezkoen lehen hiru postuetan berriz, Betsy Saina (KEN), Magdalene Masai (KEN) eta Lidia Rodriguez (ESP) sailkatu dira. Euskaldunen artean onenak, Ivan Fernandez gasteiztarra bosgarren postuan eta Maite Maiora mendi-korrikalaria zazpigarrenean. Eneko Agirrezabalek (6), David Garciak (10), Ibone Sanchezek (8) eta Lurdes Oiartzabalek (9) ere lehen hamarren artean sailkatzea lortu dute.

Katedrala, blai
Goizean botatako euri zaparradek Hipodromoko barrutia lokaztu dutenez, erabat zaildu da korrikalarien lana. Javi Guerra lehen europearrak krosaren gogortasuna eta berotasuna izan ditu gogoan helmugan: “Agonikoa da Lasarten korrika egitea, ez du batere aldaparik zirkuituak, laua da, baina oinak lokatzetan barruraino sartzen zaizkizu, txorkatiletaraino... Eskerrak publikoaren berotasunari! Hemen bizi den giroa oso leku gutxitan ikusi dut”, zioen komunikabideei egindako adierazpenetan.
Seniorretan, Iraitz Pikabea izan da 10.100 metro egiteko ausardia izan duen herritar bakarra. Tamalez, ez da emakumezkorik irten seniorretan, 6.550 metroko lasterketan. Beheko mailetan, LOKE-Landaberri taldeko Naroa Furundarena, Unai Furundarena, Enara Gonzalez, Aintzane Sarobe eta Leire Centeno eta izan dira parte-hartzen.
Berriro ere, kirolaren festa handia izan da Hipodromoan. Hotzari aurre egiteko salda eta txorixo muturra eskutan, atletismoaz gozatu dute dozenaka herritarrek.

60. Nazioarteko kroseko argazkiak