Presoen oihartzuna Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 9a, 22:27
Bosgarren urtez, Frantzia eta Espainiako espetxeetatik herrira ekarri dute presoek euren ahotsa. Ordubeteko emanaldian kantua, irakurketa, grabaketa eta musika nahastu dira. Bertaratutako askorentzat une hunkigarriz betetako errezitaldia izan da. Bihar berriz, ehunka herritar joango dira Bilbora, Sare egitasmoak deitutako manifestazio nazionalean parte-hartzera.

Saioa kultur-etxeko atarian bertan hasi da, Txalagoreren txalaparta doinuekin. Barnean, Ahuen taldeko Lide Arroyoren gitarrak eta Maider Galardiren ahotsak ongi-etorria eman diete ikus-entzule guztiei eta Ane eta Maddi Labaka bertsolariek "irudimenaren beharraz" hitz egin dute preso guztiak kalera ateratzeko.

Sarreraren ostean, Peio Eskisabelek espetxetik bidalitako grabazio eta argazkiak proiektatu dituzte. "Bi amets mota" egiten dituela kontatu du, lotan egindakoak, eta "politagoak", esna egindakoak hain zuzen, aske izatean burutuko dituen gauzak zerendatuta. 2014an aske utzitako Txurdi, Ina, Santi, Mitxel eta Niko ere gogoan izan ditu.

Joseba Tapia trikitilari ezagunak ere hartu du parte V. Errezitaldian. Idatzien arteko tarteak girotu ditu trikitixaren laguntzaz. Xumela Abesbatzak ere beste horrenbeste egin du.

Pantailan barroteak eta itzalak ageri zirela, esklerosi anizkoitzarekin gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoak gutun bidez azaldu du zigorraren suspentsioa eskatuta duela, baina "maratoiak" ez duela etenik. "Zuek gabe ezingo niokeen eutsi, mila esker bizitzaren alde borroka egiten laguntzeagatik", esanez amaitu du  Lannemezango kartzelatik idatzitako eskutitza.

Aitzol Iriondok mendira eraman ditu Manuel Lekuonako ikusleak. Basoan, sutondoan, Bea Egizabalen 'Erregeren Koroaren ipuina" entzun eta tontorra ere egin dute Iriondoren bertso artean.

Rafa Diezen Naike semeak berriz, El Dueso espetxetik aitak igorri dizkion hitzak irakurri ditu. Trantsizioak eta Konstituzioak Euskal Herriari jarritako "kandadu edo giltzarrapoa" irekitzeko giltza "gure esku" dagoela gogorarazi die ikusleei eta lehen egitekoa "presoak etxeratzea" dela nabarmendu du.

Emanaldiari kantuz eman diote amaiera. Mikel Laboaren 'Izarren hautsa' abestiaren hitzek Manuel Lekuonako auditorio nagusiko lau pareten artean egin du burrunba, ilunpean, ikusleek piztutako mugikor eta txiskeroez soilik argituta. 

V. Errezitaldiko argazkiak