Diputatu Nagusiaren bisitaren ostean, Jesus Zaballosek mozioa aurkeztu du Diputazioak berriro hartu dezan Allerruko sarbidea berritzeko proiektua. Proiektu honen arabera, orain dagoen lotura kendu eta horren ordez, errotonda bat eraikitzea zen asmoa “hipodromo formakoa eta N-1 errepidearen gainetik”.
Sozialistek hitzetan “egun Lasarte-Oriara sarrera honek, Oria eta Antxisutik egiten dena, hainbat arazo sortzen ditu, zaratak batetik eta bertako bizilagunen segurtasunari dagozkionak bestetik”.
Lasarte-Oriarako hegoaldeko sarbideak momentu honetan hiru adar ditu: bi Donostiako noranzkoan eta bestea Andoainerantz. “Laugarren aukera da Andoaindik datozen ibilgailuentzat N-1etik ateratzea eta Antxisu eta Oriatik 800 bat metro egitea herrigunetik”.
“Egoera honen aurrean, Diputazioak aurreko legegintzaldian Allerruko loturarako aldaketa proposatu zuen”. Zaballosen arabera, hau egiteko oraingo pasabidea kendu eta biribilgune baten eraikuntza aurreikusten zuen Diputazioak N-1 errepidearen gainetik Allerruko gasolindegiaren parean. Honek bi biaduktu paralelo izango zituen eta horietako baten ondoan espaloia kokatuko zen.
“Lanek 6 milioi euroko kostua izango zuten eta sarbideak hobetuko lirateke Antxisu eta Oriako arazoak ekidituz”.
“Diputatu Nagusiak gutxiago etorri beharko luke bisitan eta lan gehiago egin lasarteoriatarren alde, izan ere, guztiz utzita gaitu duela hiru urte eta erdi. Ez ditu pantaila akustikoak N-1ean jarri, Donostiarekin bidegorria ez du egiten eta ez ditu Oria sarrerako arazoak ekiditen Allerruko biribilgunea eraikitzen”.