Herriko korrikalariak Donostian, Hernanin, Zarautzen, Villabonan, Azpeitian, Bergaran...

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urtarrilaren 7a

Geroz eta jende gehiagok parte-hartzen du Urtezahar eguneko San Silbestre lasterketetan. Gipuzkoan 12.000 izan ziren zapatilak lotu zituztenak, eta herrian ere jende askok agurtu zuen urtea San Silbestreren bat amaituta.

Gehienek Donostiakoa (8,4km) egin zuten, 152 lagunek denera. Guztietan azkarrena Raul Gomez Margallo izan zen 8.postuan 27:43ko denboraz eta emakumezkoetan berriz, Rebeca Villanueva 358. eginez, 36:30ekin. Zarautzen (4km) sei lasarteoriatar atera ziren eta onena Andoni Irazusta izan zen 12. postuan. Villabonan 14 herritarrek parte-hartu zuten eta azkarrenak Javier Pastor eta Pili Bodegas izan ziren. Hernanin ere izan zen herritarrik Wukroren aldeko lasterketan (4km), eta Jon Altunak irabazi zuen. Beasaingo lasterketa entzutetsuan (10km) Mikel Ormazabalek hartu zuen parte, 276. eginez. Hondarribian (6km) Cesar Zarraquiños eta Ainhoa Lavado izan ziren onenak eta Bergarako mendiko San Silbestre gogorrean (6,5km) Iñaki Letamendi eta Alain Espadas irten ziren.
Bestalde, urtarrilaren 4ko Errege krosean (10km) Endika Gartziak marka handia lortu zuen 33:32 eginda. Gainera, Yeray Varelak irabazitako Azpeitiko San Silbestrean hirugarren egin zuen.