Otsaila bitartean iradokizun guztiak jasoko ditu talde sozialistak, udal-hauteskunde programa osatzen laguntzeko. Herritarren proposamenak jasotzeaz gain, Lasarte-Oriako elkarteekin biltzeko asmoa ere badutela argitu du Zaballosek, lasarteoriatarren eskariak “ikuspuntu zabaletik” aztertzeko.
Behin herritarren eskari guztiak entzunda, asanblada irekiak antolatuko dituzte martxotik hasita, proposamenak gaika “eztabaidatu eta orrazteko”. Jesus Zaballosek adierazi du Aste Santurako “100 konpromezu” hartu nahi dituztela, 2011n egin bezala.
Talde berria
“Ezin dut oraindik izenik aurreratu, baina hamazazpi laguneko talde berria izango da, gaztea eta ezaguna, Lasarte-Oriako sozialismoak bizi duen garai berrira egokitutakoa”, esan du Jesus Zaballosek goizeko prentsaurrekoan. Lasarte-Oriaren alde borrokatzeko “gogo handia” duen jendearen ateak jo dituela azaldu du eta “etapa berrirako ilusioa eta bokazioa” daukaten herritarrez inguratu dela azpimarratu du PSE-EEren alkategaiak.
Otsailaren 6tik 20ra bitartean onartu beharko dute zerrenda Lasarte-Oriako sozialisten herritar asanbladan eta onetsiz gero, martxoan egingo da publiko zerrenda berria.