Tenperatura hotza izan arren, giro bikaina egiten du gaur mendi-buelta eder bat emateko. Horixe bera egin dute hainbat mendizalek: eguzkia lagun, Buruntza mendira igo dira eta mendi horren magalean dagoen San Roke baseliza ere ezagutu dute. Hirugarren urtez antolatu dute txango hori Ttakun KEk, Ostadar SKTk eta Uztaro kooperatibak.
Mendizale bakoitzak bere aldetik igo da Buruntzara, baina gero denek batera hamaiketako gozoa egin dute San Roke baselizaren ondoko aterpean. Egindako esfortzua eta gero, txorizo errea, salda, gazta, ardoa eta sagardoa dastatuz berritu dituzte indarrak txangora joandakoek. Sabela bete bitartean, Urtzi Agirretxe herritarrak girotu du hamaiketakoa, trikitixa doinuak joz.
Buruntzatik agurtu dute mendizaleek amaitzear den 2014. urtea.