'Fabrimusikala 10+2' Elebeltzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 26a

Fabrimusikala antolatu dute Elebeltzen eta sustatzaileek herritarrak gonbidatu nahi dituzte bertan parte hartzera. Gaur eta bihar artean doinu ezberdinak izango dira Fabrimusikalaren edizio berri honetan.

Aurtengoan ere musika kolore eta doinu anitzekin gozatzeko aukera izango da Elebeltz Sorkuntza eta Eztabaida Askerako Topagunean gaur, abenduaren 26 eta 27an. "Txorimalo Gazte Kolektiboak hasitako ekimenari jarraipena emateko asmoz eta Fabrimusikala beti bezain “Multi” dela erakusteko asmoz" “Fabrimusikala 10+2, dozena bat urtetik gora herria iraultzen” lemapean dator aurtengo ekimena. 

Gaur, ostiraleko kontzertuak 22:30etan hasiko dira, eta honako talde eta musikariak izango dira entzungai: Nafarroako Beratik euskal kantagintzan izen bat egin duen Petti izango da oholtza gainean gitarra eta ahotsa soilik lagun. Honen ostean, herrian aski ezaguna den Arramazka taldeak hartuko du testigua, "maitasuna eta askatasuna bozgorailuetatik jaurtikiz". Hurrengoak, 90ko hamarkadan hasitako Fly Shit Bergararrak izango dira, euren hardcore-arekin giroa astinduko dutelarik. Giroa astintze lanetan Punk-ak ere izango du lekua Iparraldetik datozen Gadafistes Brothers taldearekin. Gaua egunarekin elkartzeko intentzioarekin Dj-en txanda helduko da: Selektah Stepi (Bad Sound System), Petx (More Jaia) eta Duam Koma Duam (More Jaia) gogor arituko direlarik euren biniloak biratzen. 

Larunbata 27ko zita 19:30etan hasiko da “Elebeltz sariekin”. Pikoteoa ere egongo da, baina, musika ez da faltako, noski, herriko Itzartu erromeria taldeak hasiera emango baitio datorrenari. Izan ere, 22:00etan Julieta, la chula potra rapera "probokatzailea ikusteko aukera izango da, bere lirika erasokorrak inor axolagabe utziko ez duelarik, esan diezaiotela bestela Barcinari". Honen ostean, Hernani eta Donostitik datozen Kaxianoren Alabak trikitixa doinu alaiekin dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak. "Deskantsurako astirik gabe, Luz de Putas taldearen Ska biziak gure gorputzari mugiarazteko mezua igorriko dio". Bukatzeko, "eta hainbeste musikaren ostean bizirik jarraitzen badugu", Komando Tutupa Gaupasound Antisistema Dj-ak arituko dira pintxatze lanetan gehiago nahi duten guzti horiei nahi dutena emateko asmoz. 

Egun bakoitzeko sarrerak 6 euro balioko du eta kontzertuak hasi aurretik egongo dira salgai han bertan. "Hortaz, musikaren mundu zabalean belarri kuxkuxeroekin ibiltzen den edonork zita berezia izango du Elebeltz Sorkuntza eta Eztabaida Askerako Topagunean. Ez galdu aukera!” azaldu dute antolatzaileek.