Ikatza eta opari mordoa banatuko ditu Olentzerok

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 24a

Lasarte-Oriako haurrek gaur arratsaldean Olentzerorekin egoteko aukera izan dute. Aurretik kalejira jendetsua izan da Loidi-Barrengo pilotalekutik Okendo plazaraino. Olentzerorekin batera ohi bezala, Porrotx, Mari Domingi eta Xixuko lagunak izan dira.

Arratsaldeko 17:00ak aldera iritsi da Olentzero Lasarte-Oriara. Berarekin Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx ere etorri dira. Pilotalekuan herritar ugari bildu da ongi etorri beroa emateko, haur, gaztetxo, guraso, Amaraun klubeko, Gazte klubeko eta Kuadrillategiko lagunak, Jalguneko lagunak... Ttirriki Ttarraka trikiti eta pandero eskolako kideekin batera Okendo plazarako bidea egin dute guztiek. Aurten lagun berri asko izan dira kalejiran parte hartzen, lamiak, Mari Teilatukoak, akerra, oilarra, astoa...

Aurten ere, karroza ederrean egin dute ibilbidea eguneko protagonistek eta galtzagorri kuadrilla bihurria. Iaz ez bezala, gaurkoan bai, eguraldia lagun, Okendo plazan harrera ekitaldi izan da.

Festa giroan, jendetza elkartu da Olentzerori ongi etorria egitera. Olentzeroren etxeko ganbaran, makina bat topatu du Mari Domingik eta Porrotx eta Xixukori erakutsi die Okendoko oholtzan. Martxan jarri dute eta makina piztean, Mari Domingi bihurri bihurtu da. Xixuko ere dantzan hasi da batetik bestera ezin gelditu. Olentzero oholtzara azaldu denean, ametsak egi bihurtzeko makina zaharra zela azaldu dio Porrotxi. Honen efektua kentzeko, Olentzerok hitz magikoak esan ditu umeen laguntzarekin eta Mari Domingi eta Xixuko txintxotu egin dira. Porrotxek ametsa astronauta izatea du baina Olentzerok ez dio utzi makina frogatzen, izan ere, lan asko dauka gaur Olentzerok eta oraindik jasotzeko zituen herriko ume askoren eskutitzak.

Oholtzatik jaitsi eta Olentzero Xixukorekin batera, umeen eskutitzak jasotzen aritu dira.  

Eskutitzak

Haur askok ilara egin dute Olentzero edo Xixukori eskutitzak emateko. Batzuek Olentzero berari eman nahi izan diote baina beste askok, euren eskutitza Xixuko ahatearen eskutan utzi nahi izan dute. Izan ere, Xixuko duela bi aste herriko eskoletan izan zen eta haur askoren laguna egin zen bisita horietan. Aipatu behar da plaza apaindu duten marrazki ederrek hain zuzen, umeek Xixukori ikastetxeetan emandakoak izan direla.

Txintxoak izan diren guztiek bihar zuhaitz azpian oparia izango dutela esan du Olentzerok. Ongi etorriaren argazki guztiak eta bideoak hemen bildu ditugu.