V. errezitaldia antolatu du herriko Presoen Lagunak taldeak urtarrilaren 9an Manuel Lekuonan 19:00etan. “Urtero hartzen gaitu azkena izango denaren nahiak. Baina urtea joan eta berriz hemen gabiltz Harresien bestaldetik jaso ditugun testuak lantzen”.
Taldeko kideek azaldu dutenez, “bost urte hauetan preso politikoen egoera apenas aldatu da. Sakabanaketak bere horretan jarraitzen du eta ondorioz, astebururo milaka kilometro egitera behartuta gaude”.
Urtean zehar bisitak, eskutitzak, deiak izaten dituztela diote. Gabonetan ordea, “euren hitzak, gure ekarpenekin bat egiten dute errezitaldian. Kantu, dantza, antzerkiak denak josten ditu ilusioak”.
Azaltzen dutenez, eurei hitza ematea da ekimenaren helburua hastapenetatik. “Haien eta gure arteko komunikazio ariketa izango da”.
Urtea Ibon Fernandez Iradiren egoerak markatu du: “kezkatuta joan zaigu bereziki, gaixo larri dagoelako eta epaileak mediku informeak eskatzen jarraitzen duelako. Xantirekin, ezin poztu gabiltz, kalera atera dute baina Europatik betearazi dieten legea aldatu nahia dute. Aitzol espetxez aldatu dute, Moulins Yzurera eraman dute. Bidaia traketsagoa, ordu gehiago beharko ditugu bidaian”.
Aurtengo errezitaldian Andatza mendia eta bere “inguruak, txokoak, bazterrak” agertuko direla aipatzen dute sustatzaileek. Honetan herriko musikari eta artista ugarik hartuko du parte. “Espetxeako egunak, urtea nola joan zaien edo egoera politikoaren gaineko iritziak osagai nagusiak izango ditugu. Espetxea urruneko zulo ilun bat baino gehiago da, bertatik jasotzen ditugun bizipen argiak hala erakusten digute”.
Aurten ere aurrez eskuz-esku salduko dira 5eurotan bono laguntzak. Egunean bertan, errezitaldirako sarrera izango dena. Taldetik gonbidapena egiten diete herritarrei errezitaldira gerturatzeko.
Beste hitzorduak
Hala ere, ez da taldeak antolatu duen ekitaldi bakarra. Aurten abenduaren 24ean izango da ohiko brindisa Okendo plazan 19:00etan. Honetan galtxagorriak izango dira besteak beste. Bestalde, abenduaren 26koa da urteko azken ostirala eta ohi bezala berezia izango da. Hitzordua honako honetan ere, 20:00etan izango da, Okendo plazan.