Eguberriei musikarekin ongi etorria eginez

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 17a

Iristear dira Gabonak, eta Udal Musika eskolako kideek egin diete ongietorria dagoeneko. Eguberrietako kontzertua eskaini dute, Manuel Lekuona kultur etxean.

Hainbat herritar hurbildu dira kultur etxera gaur arratsaldeko zazpietan, Udal Musika eskolako ikasleek emandako kontzertuaz gozatzera. Eguberriak izan dira emanaldiko protagonista; festa egun horiekin lotura dute ikasleek taularatutako pieza gehienek.

Egitaraua zabala eta oparoa izan da. Kontzertua Eguberrietakoa zela argi uzteko, 'Eguberria popurri' izeneko ikuskizuna eskaini dute hainbat ikaslek, gabonetako hainbat kanta ezagun abestuz: 'Horra Mari Domingi', 'Gaueko izar', 'Hator hator'...

Hortik aurrera, hainbat instrumentu izan dira protagonista oholtza gainean: biolina, gitarra eta pianoa, besteak beste. 'Adeste fideles', 'Marcha Radetzky' eta beste hainbat abesti jo dituzte ikasleek.

Abesbatzaren txanda

Hainbat herritarrek osatutako abesbatzak ere abestu ditu hainbat kanta, Sara Rubio pianojolearen eta Lierni Arozena txistulariaren laguntzaz: 'Pavane', 'Adoramus Te', 'Poza lurrean' eta 'Goazen guztiok'.

Gaurko emanaldi bereziari amaiera emateko, Udal Musika eskolako ikasleek beste eguberrietako kanta sorta bat abestu dute. Kontzertua ikustera joan diren herritarrek gogotik gozatu dute emanaldi guztiekin, eta txalo artean agurtu dituzte artista guztiak.