Eguberrietako parkea jarri du Udalak Michelingo kirolgunean aurten ere Gabonetako opor egunetan. Bihar, larunbata, zabalduko ditu ateak 11:00etan eta abenduaren 31a bitartean aukera izango da bertatik pasatzeko.
Parkearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Haurrek sarrera doan izango dute baina helduek euro bat ordaindu beharko dute bertara sartu ahal izateko.
Parkean adinaren arabera gune ezberdinak antolatu dira.
Michelingo frontoia 0-11 urte artekoentzat izango da. Honetan puzgarriak, jokoak eta eskulanak egiteko aukera izango da besteak beste.
Tenis karpan, 12 eta 14 urte arteko gaztetxoentzako gunea kokatu da. Honetan beste mota bateko jokoak jarri dituzte, mugimenduko puzgarriak, Wii bideo jokoak, rokodromoa eta zezen mekanikoa baste batzuen artean.
Azkenik, Mercero plazan parkearen hirugarren gunea jarriko da. Familia guztiari zuzendutako jolasak aurkitu ahal izango dira honetan.
Ekitaldi bereziak ere egingo dira parkean ohi bezala. Ikuskizunak 19:00etan izango dira abenduaren 22an “Txondatatxondai bibentsio eta jai”; 27an “Patata tropikala”; 30ean Koko ipuin kontalaria eta 31ean parkearen itxiera jaia joku eta opariekin.
Sarrera eta taberna
Parkearen baitan jartzen den taberna eta sarrera kudeatzeko deialdi publikoa egin zuen udalak eta aurten hirugarrenez, ASIDEL herriko langabetuen plataformako kideen ardura izango dira.