Badatoz Olentzero, Xixuko eta Mari Domingi

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 23a, 12:04

Hitzordu garrantzitsua dute herriko txikienek asteazkenean. Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx Loidi Barrengo frontoira iritsiko dira eta bertatik, 17:00etan lagun pilaren laguntzarekin, kalejira alai eta koloretsuan aterako dira herriko kaleetan barrena. Ondoren, Okendo plazan harrera jaialdia egingo zaio Olentzerori eta haurrek aukera izango dute euren eskutitzak Olentzerori edo Xixukori emateko 20:00ak arte. Eguraldi txarra egitekotan, jaialdia, iaz bezala, frontoira mugituko litzateke antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Eguberri eguna ate joka dugu. Gabon-gaua iristear da eta etxeko txikiak baita hain txikiak ez direnak ere, urduri zain daude Olentzero noiz iritsiko. Ikazkinak opariz edo ikatzez beteko ditu Lasarte-Oriako etxeetan dotore apaindutako zuhaitzen azpia. 

Baina asteazkenean lotara eta afaltzera joan aurretik, herriko txikiek Olentzero ikusteko aukera izango dute Ttakun K.E. antolatutako desfile eta harrera jaialdi berezian. 17:00etatik 20:00etara Olentzero Lasarte-Orian izango da eta haurren eskutitz eta muxuak jasoko ditu ohi bezala Xixuko ahatea, Porrotx eta Mari Domingiren laguntzarekin.

Desfilea
Lehenik, 17:00ak aldera hasita, kalejira erraldoia egingo da Loidi-Barrengo pilotalekutik Okendo plazara. Hitzordua 16:45ean izango da puntual abiatu ahal izateko herriko kaleetan barrena desfile koloretsu eta alaia.

Ttirriki Ttarraka-ko trikitilariek jarriko diote doinua desfileari. 

Kuadrillategi, Gazte Kluba, Amaraun ludoteka eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute kalejira honetan, nahi duten herritar guztiekin batera. Antolatzaileek sorpresaz betetako kalejira izango dela iragarri dute.

Pertsonaia mitologikoak
Amaraun ludotekako haurrek eurek egindako kriseiluak eramango dituzte eta gainera, gabon kantuak eskainiko dituzte ibilbidean zehar. Egun horretarako kriseiluak egiteko aukera ez dutenek linternekin argitu ahal izango dute ibilbidea nahi izatekotan.

Hauetaz gain, kalejiran hainbat pertsonaia mitologiko ere izango da. Gazte Klubeko gazteak sorginez azaltzeko asmoa dute eta argi-zuziekin argituko dute bidea. Akuilu-makuiludun sorginak eta Tartalo, Basajaun, Basandere, Mari Teilatuko eta lamiak ere ikusteko aukera izango da. Aipatu behar da, desfian parte hartuko dutela Jalguneko kideak ere.

Kalejirak ordu erdi bat  iraungo du eta Okendo plazara iristerako, hau haurrez beteta egotea espero dute Olentzerok, Mari Domingik, Xixukok eta Porrotxek.

Xixuko eskoletan
Okendo plaza ikazkinari eta bere lagunei ongi etorria egiteko dotore apainduko da eta honetan izango dira herriko ikastetxeetako haurrek Xixukori aurreko astean  gelaz-gela egindako bisitetan emandako marrazki guztiak. 

Aurreko zenbakian jaso genuen bezala, Xixuko ahatea ikastetxeetan izan zen bisitan eta harrera beroa jaso zuen herriko txikienen partetik. 

Xixukok Lasarte-Oriako haurrei Olentzero berak haien izenean prestatutako eskutitza banatu zien eta hauek trukean ahateari marrazki koloretsu eta politak eman zizkioten Olentzerorentzat.

Emanaldia
Giro eta musika ez da faltako plazan, Gabon kantak, emanaldia, erromeria... izango dira Olentzerori harrera beroa egiteko. 

Gainera, Alboka abesbatzako kideek ere kantatuko dute Okendon Olentzeroren ongi etorrian. Okendora iristean, Olentzero, Mari Domingi, Porrotx eta Xixuko oholtza gainera igoko dira. Eguraldi txarra egitekotan, antolatzaileek  diote  Loidi Barrenen egingo litzatekela jaialdia iaz bezala. 

Haurrak agurtuko dituzte oholtzatik eta kanta eta dantzek izango dute tartea ziur.  Ondoren, Olentzero eta Xixukok eskutitzak jasoko dituzte 18:15etatik aurrera. Bitartean jaiak ez du etenik izango. 20:00ak aldera, Olentzerok agur esango die Okendo bildutako haurrei. Izan ere, gau nekeza izango baitu. 

Mendira bueltatuko da haur guztien eskutitz eta ilusioekin. Azken orduko opari aldaketak egin, afaldu, guztia zakuetan antolatu eta bere astoaren laguntzaz etxe guztietan opariak banatuko ditu.

Gabon kantak 
Baina gure herriko kaleetan Eguberri bezpera giroa goiz goizetik izango da urteroko tradizoari jarraiki. Izan ere, gazte eta ume taldeen gain, hauek eskean aterako dira etxez-etxe; Lasarte-Oriako hainbat talde aterako dira herriko kale eta baserrietan gabon doinuak abestera.

Goizean, 10:00etatik aurrera, Antonio Blas plazatik irten eta auzoan, zein auzo inguruko baserrietan gabon kantak abestuko dituzte Zabaletako lagunek. Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak Olentzeroarekin  kantuan 11:00etan aterako dira ere urteroko bezala. 

Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan.  Herriko zahar egoitzako egoileentzat saiotxoa eskainiko du abesbatzak hauei ere egun berezi hauek alaitzeko helburuarekin.

Bestalde, baserriz baserri kantatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek.Beraz jai giroa herriko etxe, baserri eta txoko guztietara zabalduko da asteazkenean egun osoan zehar.

Entseguak
Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek astearte arratsaldean ahotsak prestatzeko entseguak egingo dituzte. Zabaletako auzotarrek 19:00etan dute hitzordua Antonio Blas plazako lokalean.
Erketz EDT-k 20:00etan, Zumaburuko ikastolako lokalean du entsegua. Herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldeekin batera Gabon bezperako erronda egitera.