Gabonetarako egitarau oparoa antolatu du aurten ere udalak herriko hainbat elkarterekin batera.
Eguberrietako Haur parkea, zinea, antzerkia... etxeko txikiek egun hauek ederki pasatzeko hamaika ekintza izango dituzte aukeran. Hala ere, helduentzako ekintzak ere izango dira.
Haur parkea
Larunbatean Eguberrietako Haur Parkeak bere ateak ireki zituen Michelingo kirol gunean. Abenduaren 31ra arte zabalik izango da Lasarte-Oriako haur eta gazteek ederki goza dezaten.
Parkearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an goizez bakarrik egongo da irekita eta Eguberri egunean itxita egongo da.
Kirol guneko pilotalekuko aforoa 250 pertsonetara eta karpa 100era mugatua dagoenez, goiz eta arratsaldeak ordu eta erdiko bi txandatan banatuko direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Adin guztietarako guneak
Eguberrietako parke berezi honek hiru gune ezberdin izango ditu aurten. Kirol guneko pilotalekuan 0-11 urte arteko haur eta gaztetxoentzat puzgarriak, jokoak eta eskulanak egiteko txokoa izango dira besteak beste.
Egingo diren tailerretan Gabonetako maskarak egingo dituzte gaztetxoek, Gabonetako zuhaitzak, Olentzeroren irudi mugikorra, malabarak, birziklatze tailerra, play mais, akrobaziak, ile luzapenak eta ponpak izango dira ere.
Teniseko pistan berriz, 12-14 urte bitarteko gaztetxoentzako karpa erraldoi bat egongo da. Karpa klimatizatu honetan jokoa ezberdinak izango dira: mugimenduko puzgarriak, bideo jokoak, rokodromoa, zezen mekanikoa…
EHP Mercero plazan
Iazko bideari jarraituta, kirol guneko mugak gainditu eta Eguberrietako parkeak bere lekua izango du Mercero plazan.
Gune hau 0-99 urte artekoentzako izango da eta “familia gunea” deitu diote. Honetan joko tradizionalak eta tamaina handiko jokoak egongo dira familian parte hartzeko. Jolas gehienak egurrez egindakoak dira eta Animaservicioseko Asier Velasco arduradunak uste du gune honek “arrakasta handia“ izango duela. Irekiera ekitaldian Pablo Barrio alkateak eta Taxio Arrizabalaga zinegotziak lehen eskutik probatu zituzten GHPko joko gehienak.
Udaletik azaldu dutenez, Manuel Lekuonan abenduaren 28an egongo den “Mendizaleak” haur antzerkiarentzat sarrerak zozketatuko dira Eguberrietako haur parkearen baitan.
Horretaz gain hainbat ikuskizun izango dira 19:00etan, guztiak parkean, abenduaren 22an “txondatatxondai bibentsio eta jai”; 27an “Patata tropikala”; 30ean Koko ipuin kontalaria eta 31an parkearen itxiera-jaia joku eta opariekin.
ASIDEL-entzat sarrera
Lasarte-Oriako Udalak herriko elkarteek Gabonetako parkeko sarrera eta taberna kudeatzeko deialdia egin zuten eta aurten ere, Lasarte-Oriako Langabetuen plataforma izango da arduraduna. Udalak azaldu legez, modu horretan, “talde hauek herriarentzat burutzen duten lana baloratuz eta kontutan hartuz, helburua diru sarrera extra bat eskaintzea litzateke. Haien lana erraztuko luke eta eskaintza hobetzeko aukera bat litzatekeela pentsatzen baitugu“.
Sarrerari dagokionez, herritar guztien eskura egon dadin nahi du Udalak, horregatik helduek euro 1eko sarrera ordaindu beharko dute eta haurren kasuan doakoa izango da parkera sartzea.
Irteerak
Bestalde Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, gaur bertan Amaraun klubeko lagunak Mungiara doaz Olentzeroren etxea ezagutzera.
Honetan, euskal mitologiako hainbat pertsonaia ezagutzeko aukera izango dute joko eta jolas dibertigarrien bidez.
Asteazkenean, abenduaren 24ean, urtero legez, Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo zaie Okendo plazan Ttakunek antolatutako jaialdian. 17:00etan hasita, Loidi-Barreneko pilotalekutik kalejira abiatuko da eta 20:00ak bitartean iraungo du jaialdi koloretsuak.
Gazte klubeko lagunek, berriz, Barakaldoko BEC-eko Eguberrietako Haur Parke erraldoiera egingo dute txangoa abenduaren 30ean, asteartean.
Ur festa
Ederki gozatzeko aukera izango dute abenduaren 26an goizeko 10:00etatik 12:00etara kiroldegiko igerilekura hurbiltzen diren gazteek.
Bertan parte hartu ahal izango dute 2004-2010 urteen bitartean jaiotako haurrek. Kiroldegiko arduradunek gogoratzen dute umeak bakarrik sartuko direla igerilekuan eta igeri egiten jakin behar dutela parte hartzaile guztiek. Bazkideek doan parte hartu ahal izango dute eta ez bazkideek 3,7euro ordaindu beharko dituzte.
Jaiotza lehiaketa
Hau guztiaz gain, Danok Kide elkarteak antolatzen duen Jaiotzen Lehiaketako sari banaketa izango da abenduaren 28an, 12:00etan elkartearen egoitzan.
Abenduaren 19 eta 20a izan ziren jaiotzak aurkezteko egunak. Antolatzaileek gogoratu dutenez, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak San Pedro elizan daude ikusgai eta irabazleak, berriz, Muebles Azpeitian egongo dira.
Antzerkia eta zinema
Manuel Lekuona kultur etxean egun hauetan ere izango da zer ikusia. Abenduaren 26an “Guillaume y los chicos ¡a la mesa!” filma ikusi ahalko da Okendo zinema taldearen zine forum saioan. Film frantses honek bost Cesar sari eskuratu zituen 2013an.
Abenduaren 27an 20:00etan eta abenduaren 28an 19:30ean “Los juegos del hambre: sinsajo 1” film entzutetsua ikusi ahal izango da Manuel Lekuonan.
Antzerkiari dagokionez, abenduaren 28an, 17:00etan, “Mendizaleak” haur antzerkiaz gozatu ahal izango da. Xepeta produkzioak-en lan honetan Tomax eta Muxugorri mendira joango dira. Perretxiko batzuk bildu ondoren mendira abiatuko dira bi protagonistak. Txangoaren baitan murgilduko dituzte ikusleak. Hauekin abesteko tartea ere izango da.
Erregeen harrera
Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoak etorriko dira Lasarte-Oriara. Eta erregeen etorrera antolatzen duen MEGABA elkarteak aurten hainbat berrikuntza izango direla aurreratu du iazko bideari jarraiki. Aurten karroza berri bat izango da eta honen gainean joango da jaiotza. “Karroza berri hau Bikain Okindegiarekin sinatutako babes hitzarmenari esker erosi da”, azaldu dute.
Bestalde, “2014ean erositako bigarren eskuko karroza, izar erraldoi bat izango da. Karrozan aingeruak eta Jesus haurtxoa bidean jarriko ditu Errege Magoak”. Lasarte-Oriako APG (lerro patinajea) elkartearen laguntza izan dute kabalgataren antolatzaileek eta hauei esker iratxoak ere izango dira erregeekin.
Musika eskolako trikitilariak irtengo dira Biyak Bat elkartetik eta Errege Magoak Udaletxera iristerakoan, Udaletxe berriko sarreran narrazio bat jarriko da jaiotza zein kabalgatan dauden pertsonaia nagusien inguruan azalpenak ematen.
Goizean laguntzaileak
Baina arratsaldean erregeekin egon ezin duten haurrek 12:00etatik 13:15era haien laguntzaileei edo Ama Brigitarren komentuan jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dituzte eskutitzak.
Eta MEGABAkoek aurreratu dutenez, Atsobakar Zahar egoitzako lagunek Errege Magoen bisita ere izango dute.Erregeek haurrak hartuko dituzte 16:00rak eta 17:00ak bitartean Ama Brigitarren komentuko kaperan. Gurasoei gomendio bat egin diete antolakuntzatik, “ez dezatela azken momenturako utzi”. Izan ere, komentuko ateak itxiko dituzte “Erregeak prestatu eta Oria auzorantz joateko”.
Kabagalta
Era honetara, 18:00etan, Oriatik hasiko da kabalgata. Ohi bezala erregeek goxokiak botako dituzte. Era berean, baserritarrak, erregeen laguntzaileak, zuzi eramaileak eta Jalguneko lagunek parte hartuko dute desfilean.
Urtero bezala, geldialdia egingo dute Brigitarren komentu aurreko jaiotzan eta ostean, bidearekin jarraituko dute, Hipodromo etorbidea, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaletik Okendo plazara iri-tsiko dira su artifizil eta musika artean.
Ohi bezala Mercero plazan suziriak izango dira Errege Magoak plazara iristerakoan. Balkoitik eskutitzak irakurri eta goxokiak botako dira harrerari amaiera emateko.
Zuzi eramaileak
MEGABA elkarteak azpimarratu du zuzi eramaile bezala atera nahi dutenek abenduaren 29an izena emateko aukera izango dutela.
18:00etan izango da hi-tzordua Manuel Lekuona kultur-etxean. Bertan eskainiko zaie informazio guztia eta haur eta gaztetxoen gurasoak ere hurbiltzea nahi dute, kabalgataren nondik-norakoak ezagutzeko.