Santo Tomas ospatu dute herriko ikastetxeek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 19a

Etzi izango da Santo Tomas eguna, abenduaren 21a, baina herriko ikastetxeek gaur ospatu dute jaia, oporrak hartu dituzten egun berean.

Txistorra otartekoak, musika, jokoak, jaialdiak...izan dira gaur protagonista Sasoeta-Zumaburun eta Landaberrin. Santo Tomas eguna gaur ospatu dute herriko ikastetxeek, Gabonetako oporrak hartu dituzten egun berean. Ospakizun giroa han eta hemen.

Hamaiketako gozoa

Santo Tomas eguneko ospakizunak 10:15ean hasi dira Sasoeta-Zumaburun. Ikastetxeko gimnasioan ekitaldia egin dute, txistorra otarteko gozoak dastatu aurretik.

Korrika batean atera dira ikasleak otartekoen bila, eta ilara luzeak osatu dituzte hamaiketakoa prestatzen ari ziren mahaien alboan. Irakasle eta gurasoak banatu dizkiete txistor bokadiloak haurrei, eta baita freskagarriak ere, egarria asetzeko. Otartekoa eta edalontzia eskuan, hamaiketako gozoa dastatuz hartu dituzte indarrak ikasleek.

Hamaiketakoa jan bitartean trikitixa eta pandero doinuek giro bikaina sortu dute ikastetxeetako gela eta pasiloetan. 

Gaur hartu dituzte Gabonetako oporrak Sasoeta-Zumaburuko ikasleek, lehen ebaluaketako notak ere jaso dituzte, eta amaiera ezinhobea eman diote 2014ko azken klase egunari: Santo Tomas eguna ospatu dute. 

Jaialdia Garaikoetxean

Santo Tomas ospatu dute baita ere Landaberrin, egun osoan zehar. Hamaiketako berezia dastatu dute baita ere ikastetxe horretako ikasleek: txistorra ogitartekoa. Horrez gain, lehen ebaluaketako notak eraman dituzte motxilan etxera ikasleek. Irakasle eta ikasleek Gabonetako oporrak hartu dituzte gaur. 2015era arte ez dira klasera bueltatuko, hortaz.

Arratsaldean jarraitu dute ospakizunek, Garaikoetxeako ikasleek jaialdia ospatu baitute eraikineko patioan, guraso eta lagunen aurrean. Giro bikaina egon da Garaikoetxean. Ikasleek hainbat gabon kanta abestu dituzte, oholtza gainean ziren musikarien doinuez lagunduta; ikuskizuna arretaz jarraitu dute guraso eta lagunek, eta askok argazkiak eta bideoak egin dituzte. 

Ikasleek eduki dute meritua, inguruan zituzten ikusle guztien aurrean asko txundituta geratu badira ere, abesterako eta dantzatzerako orduan ez dutelako kontzentrazioa galdu, ikuskizun polita eskainiz.

Gaurko ospakizunen ostean are gehiago nahi dutenek etzi izango dute aukera, Okendo plazan ospatuko den Santo Tomas jaian.