Jostailu hezkideen dekalogoa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 17a

Merkatuak eskaintzen dituen jostailuak modu kritiko eta koherentean aztertzeko, "jostailiu hezkidetzailea ez sexista, ezta belikoa ere" tailerra antolatu zuten ikasturte hasieran. Bertan parte-hartzen aritu diren emakumeen ekarpenekin osatu da diptikoa eta orain, etxez etxe banatuko da. Jolas eta jostailuen aukeraketarako erabilgarria izan dadin nahi du Udalak.

Irailean hasi zen tailerrak eman du fruitua. Gaur aurkeztu dute jostailu hezkideen dekalogoa eta Maria Salsamendi Sexuen Arteko Bizikidetzarako Emakume Zentroko teknikariak azaldu du lau fasetan osatu dutela.
Lehenik eta behin, azterketa orokorra egin zuten merkatuan ze jostailu eskaintzen diren aztertzeko. Gero, ikusitakoa zalantzan jarri eta izan beharko lituzketen balioak zein ziren analizatu zuten. Ondoren, beste lekuetan egindako praktikak ikusi eta haietatik ideiak bildu zituzten. Azkenik, guztien artean herritarrei zer eta nola eskaini adostu zuten. 
"Helburua jostailuak erosteko garaian familia osoari, heldu eta gaztetxoei aholkuak eskaintzea da", adierazi du Salsamendik
Lanketa horretan aritu dira Pili Bermejo, Ainhoa Mendiluze, Nerea Arteaga, Jaione Olasagasti, Irati Perez eta Ainara Altuna marrazkien diseinatzailea.

Irudiz hornituta
Ainara Altunak azaldu du marrazki bakoitzaren atzean lanketa handia dagoela eta dekalogoan azaltzen den esaldiaren gainean marraztea izan dela bere egitekoa: "Marrazkia osatzeko prozesua zirriborroarekin hasten da, arkatzez margotzen dut lehen marrazkia. Ondoren, akuarelaz pintatzen dut kolorea ondo hartu eta lantzeko errazagoa delako. Eskaneatu eta azkenik trataera digitala ematen diet". 
Prozesu hori marrazki bakoitzarekin egin behar izan du Altunak, oinarritzat lantaldeak adostutako esaldi edo aholkua hartuta.
Marrazkiak koloretsuak dira, handiak eta politak, gurasoen atentzioaz gain, umeena eurena ere erakarri eta esaldiak dakarren balio positibo eta hezkidetzailearekin identifikatuta senti daitezen.
"Izan ere, horixe izan da gure helburu nagusietako bat, estereotipoak haustea eta merkatuan alternatibak egon badaudela ikustaraztea", esan du Maria Salsamendi teknikariak, "ez du zertan denak erakusten diguten bezalakoa izan behar".
Tailerraren esperientzia  bera positibotzotat jo du Salsamendik eta prozesu "polita eta aberasgarria" izan dela aitortu du: "Honaino ailegatu bagara, dekalogoa lantzen aritu diren emakumeei esker izan da. Lan handia egin dute guztiek eta benetan eskertuta gaude".

Etxez etxeko banaketa
Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du diptikoa etxez etxe banatuko dela datozen egunetan: "Lasarte-Orian 7.000 etxe badaude ere, 9.000 ale egin ditugu eta diptikoak datarik ez duenez, etorkizunean ere erabilgarria izan daiteke dekalogoa, lan oso fina egin dela uste dugu".
Diptikoa bi hizkuntzetan egina dago eta marrazkiak eta etxe bakoitzera ale bat iritsiko da.