Gaur arratsaldeko ekitaldiaren aurkezpen txikia egin du Maider Segurola aurkezleak, eta Pablo Barrio alkateari eman dio hitza ondoren. Duela urtebete pasatxo zendutako Nelson Mandela hartu du gogoan alkateak, "bizikidetzaren aldeko lanean eredu izateagatik". Mandelaren zita bat ere aipatu du: "Zure etsaiarekin bakeak egin nahi badituzu, berarekin egin behar duzu lan. Orduan, zure lankide bihurtzen da".
"Biktima orok egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea gauzatzeko" lanean daramatza Lasarte-Oriako udalak, "hiru urtez". Lanketa horretan Islada Ezkutatuak eta Euskal Memoria fundazioa ari dira baita ere, Lasarte-Oriaren historiako zenbait aro zehatz argitara ateratzeko lanetan. Bestalde, BakEtik elkarteak sentsibilitate desberdineko aldeek euren desberdintasunak gainditu eta bizidetza sustatzearen alde egiten du lan. Hiru elkarte horiek elkarrizketatu ditu Maider Segurolak. Tartean, Joseba Tapia musikariak, Joxe Mari Carrere ipuin kontalariak eta Kukai dantza taldeak ikuskizunak eskaini dituzte, kultur etxeko auditoriora hurbildu diren herritarren aurrean.
Hiru bloke
Gaurko ekitaldia hiru bloketan egon da banatua. Lehenengo biak orain arte egindako biktimen identifikazio faseari buruzkoak izan dira, 1936. urtetik hasi eta gaur egunera arte. Hirugarren fasean etorkizunean eman beharreko urratsak izan dituzte hizpide.
Herriko Islada Ezkutatuak taldeak eta Joseba Tapia herriko musikariak osatu dute lehen blokea; Euskal Memoria fundazioak eta Joxe Mari Carrerek bigarrena, eta BakEtik elkarteak eta Kukaik hirugarren eta azken blokea.
Lasarte-Oriaren historia azaleratzen
Islada Ezkutatuak taldeko kide Mailu Arruti eta Mikel Amenabar izan dira taula gainera igotzen lehenak. Hainbat gai jorratu dituzte Maider Segurolarekin batera: taldearen sorrera, orain arte egindako lana, argitara atera dituzten objektu eta testigantzak, etorkizunera begira dituzten erronkak...
1936ko Gerra Zibilean eta ondorengo urteetan (60. hamarkadara arte) Lasarte-Orian gertatutakoa azaleratzeko lanetan dabil Islada Ezkutatuak. "Orain arte ezkutatua izan zaigun herriaren historiaren zati hori ezagutu nahi dugu, eta datozen belaunaldiei pasa, berriro gal ez dadin", zehaztu du Mikel Amenabarrek. "Ez dugu gorrototik ikertzen, ez dugu mendekurik hartu nahi; gertatutakoa jakin nahi dugu, eta azaleratu".
Asteartero biltzen da Islada Ezkutatuak taldea. Mailu Arrutik "altxor" gisa definitu du asteartero biltzen den taldea: "Ez da erraza izaten talde bat horrenbeste denboraz mantentzea. Talde hau altxor bat da, plazer hutsa da guretzat haiekin biltzea. Asko ari gara ikasten, eta gure motibazioa ere gora doa: zenbat eta gehiago arakatzen dugun, orduan eta gogo gehiago daukagu gauzak argitara ateratzeko".
Elkarrizketa herritarrei eskerrak emanez amaitu dute Arrutik eta Amenabarrek: "Jendeak asko kolaboratu du gurekin, oso eskuzabala izan da. Hainbat urtetan etxean gordetako dokumentu, argazki, objektu eta testigantza partekatu ditu gurekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu beste behin, euren borondateagatik eta guri emandako erraztasunengatik".
Elkarrizketa amaitu ostean, Joseba Tapia herriko musikariak Gerra Zibilarekin lotutako pare bat pieza jo ditu, gitarrarekin lagunduta. Tolosako 21 urteko mutil gazte bat izan da protagonista; Luis Rezola 'Tximela'. Lehenengo abestian kontatzen du nola sinatu zuen euskal gudarosteak bakea Italiar tropekin, baina hitzarmen hori eginda ere nola euskal gudari batzuk kartzelara joan ziren, eta beste batzuk lan batailoietara. Bigarrenean, Rezolak bere lagun Andoniri idatzitako bertso "triste baina umore tantekin zipriztindutakoak" abestu ditu Tapiak.
Txalo zaparrada luzeekin amaitu dira elkarrizketa eta Tapiaren emanaldia.
Biolentzia politikoaren aztarnak
"Jatorri desberdinetako eta izaera politikoko gatazken ondorioen bilduma bat egin dugu, pertsonak oinarri hartuz". Hori izan da, modu orokor batean esanda, Euskal Memoria fundazioak orain arte egindako lana, Arantxa Erasun kideak azaldu duenez. "Biolentzia politikoak pertsonengan utzitako aztarnak bildu ditugu: hildakoak, zaurituak eta torturatuak izan diren pertsonak. Biktimak izan dira gure ikerketaren oinarri". 1960 eta 2014 bitarteko gatazkek biktimengan eragindako ondorioak aztertu ditu Euskal Memoriak.
Euskal Memoria fundazioak egindako ikerketaren ardatz nagusiak bi izan dira: lasarteoriatarrei gertaturikoa jasotzea eta baita Lasarte-Orian gertatu diren gauzak, nahiz eta horiek herritarrek ez pairatu. Alegia, alde batetik herritarrek pairatutako ondorioak ikertu dituzte, eta bestetik Lasarte-Orian gertatutako gauzak, nahiz eta biktimak herrikoak ez izan. "Lasarte-Oriako sei pertsonak galdu dute bizia garai honetan (jatorri desberdinekoak izan dira heriotz horiek; presoen dispertsio politika, Espainiar Estatua eta ETA), eta bederatzi izan dira zaurituak. Beste zenbait gertakari ere jazo dira Lasarte-Orian, nahiz eta biktimak herrikoak ez izan".
Erasunek azpimarratu du lanketa horretan herritarrek emandako laguntza eta kolaborazioa, baina nabarmendu du orain arte bildutako datuak ez direla "behin betikoak".
Bigarren elkarrizketa amaitutakoan, Joxe Mari Carrere ipuin kontalariak hartu du hitza. Bi istorio kontatu ditu, eta bi kontakizun horien amaieran lotura egin du "hitza" eta "oroimena" hitzen artean: "Elkarrekin doaz oroimena eta hitza. Oroimena, gertatutakoa ez ahazteko; hitza, gertatu dena kontatzeko, jakiteko aurrera egiten".
Bizikidetza eraikitzeko garaia
Hirugarren eta azken elkarrizketatua BakEtik elkartea izan da. Haren izenean igo da taula gainera Iker Uson kidea, Maider Segurolaren galderak erantzutera. Adierazi du "guztion erronka" dela "bakea egitea". Testuinguru aldaketa "gakoa" izan da Usonen iritziz: "2011ko urrian ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuen. Horrek aldatu egin du gure gizartearen testuingurua. Indarkeria amaitu egin da, baina bakea eraikitzeke dago oraindik".
"Gizartea prest dago bakea eraikitzeko nire ustez, baina egia da eraikuntza prozesu horretan alde bakoitzak baduela samina oraindik, konpondu beharreko gauza asko. Bakoitzak bere oroimen propioa dauka", zehaztu du Usonek. Etorkizuneko zereginei buruz ere hitz egin du: "Aurrera begira Giza Eskubideetan oinarritutako gizarte bat adostu behar dugu, guztion artean".
Elkarrizketen erronda bukatu ostean, Kukai dantza taldeak eman dio amaiera gaur arratsaldeko ekitaldiari, 'Gelajauziak' ikuskizunaren zati bat oholtzaratuz. Manuel Lekuonara hurbildutako herritarrek txalo artean agurtu dituzte dantzariak, eta txalo zaparrada horiek ohi baino gehiago luzatu dira, gaurko ekitaldian parte hartutako guztien lana eskertzeko.