Ikuskizuna garaile

Iñigo Gonzalez Sarobe 2014ko abenduaren 13a

Mikel Goñi handiak ezagutzen du jada Michelingo frontoia. 17-22 gailendu da Goñi-Gorrotxategi bikotea, Axier Arteaga eta Mikel Elola herritarren aurrean. Aurretik, lau t'erdian, 15-22 garaitu du Jon Pello Artetxe herriko pelotariak Usurbilgo Ander Katalina.

Frontoira sartu eta berehala arnas zitekeen esku pilota giroa, atmosfera berezia. Sarreran jende ilarak, Xirimiri elkarteari babesa emateko antolatutako pilota jaialdiaz gozatzeko. Harmailak jendez lepo, taberna jo eta su lanean zaleen egarria asetzeko.

Egarri fisikoa bakarrik ez, esku pilota egarria ere ase dute Michelingo frontoira hurbildu diren ikusleek. Kantxa izan da protagonista gaur arratsaldean. Erritmo biziko bi partidu; desberdinak, baina ikusgarriak. Jon Pello Artetxe herritarra Ander Katalina usurbildarraren aurka lehenbizi, lau t'erdian; gero, arratsaldeko plater nagusia, Mikel Goñi eta Aitor Gorrotxategi, Axier Arteaga eta Mikel Elola herritarren aurka. 

Artetxek irabazi du lehen partida, eta Goñik eta Gorrotxategik osatutako bikoteak bigarrena. Guztien gainetik, ordea, garaile bi egon dira: ikuskizuna eta Xirimiri elkartea.

Artetxe nagusi lau t'erdian

Berdinduta hasi da erabat Artetxe eta Katalinaren aurkako partida. Bana, bina, hiruna... Erritmo handiz ekin diote partidari bi pilotariek, maila ona emanez, eta tanto eder batzuk oparituz ikuslegoari. Bereziki aipagarriak Artetxek ezkerrez pilota txokoan utziz egindako tantu batzuk. Katalina ez da kikildu ordea, eta ez dio utzi abantaila hartzen Artetxeri. Atsedenaldia egin dutenean, 10-12 markagailuan.

Ezin hobeto etorri zaio atsedena Artetxeri eta ez du aukera alferrik galtzen utzi, orduan apurtu baitu norgehiagoka, azkenean erabakiorra izan den 11-17ko aldea hartuz. Joko bizia, tanto eder sorta bat eta defentsa ona baliatu ditu Artetxek markagailuan aldea hartzeko. Katalinak ez du amore eman ordea, eta 15-20 hurbildu da markagailuan, baina Artetxek bi tanto egin ditu jarraian partida ixteko. Azkenean, 15-22 herriko pilotariaren alde.

Mikel Goñi garaile Michelinen

Aski ezaguna da Oronozko mutila Euskal Herriko frontoietan, eta nabaritu da baita ere Michelinen, gaur arratsaldean. Txalo artean hartu dituzte ikusleek lau pilotariak, baina txalo eta oihuen doinua dezente igo da Mikel Goñik Michelingo kantxa zapaltzearekin batera. Zaleek hasieratik erakutsi dute gaur arratsaldekoa ez zela paseo bat izango Goñi eta Gorrotxategirentzat, eta hala egin dute baita ere Arteaga eta Elola herriko pilotariek.

Sendo ekin diote partidari Arteagak eta Elolak, gogotsu eta tinko. 3-1 aurreratu dira herritarrak, baina urdinek (Goñik eta Gorrotxategik) bigarren tantoa egitearekin batera irauli dute partida. Pilotaz aldatu dute urdinek, eta orduan etorri da Goñiren lehenengo erakustaldia. Ezker bikaina dauka Oronozko aurrelariak, eta gaur ere erakutsi du Michelinen. Tanto ederrak egin ditu Goñik, eta gorrien pare bat huts egite baliatuz 3-8koa ezarri dute urdinek.

Arteaga eta Elola estu ikusi dituzte zaleek, eta berehala hasi dira animoak ematen, pilotariak bakarrik ez zeudela adieraziz. Animo horiek hauspotuta, herriko bikoteak gogotik borrokatu du, eta markagailuan bi tantora hurbiltzea lortu du: 8-10. Partidua ez zen inola ere bukatu. Une horretatik ia bukaerara arte alde gutxiko tartea eraman dute Goñik eta Gorrotxategik, nahiz eta haiek joan diren beti aurretik partidua bukatu arte.

Goñi %100ean

Pilotarako dituen dohainak soberan erakutsi ditu Goñik gaur arratsaldean, baina baita haren izaera sutsua ere. Pare bat aldiz hurbildu da epaile lanak egin dituen Jose Felix Solanorengana, hark hartutako erabakiengatik kontu eske. Huts egin dituen tantoetan ere erakutsi du bere izaera: protestak, haserre bere buruarekin, kexak epaileei, keinuak... Goñi %100ean. Hori bai, pilotarekin duen abilezia ere ikusi dute Michelinera joan diren herritarrek. Sake indartsuak, ezker zitala eta era berean eraginkorra, gantxoak, dejadak... Goñi %100ean esparru horretan ere.

Goñiren erakustaldiak ez du inola ere kikildu Arteaga aurrelaria, eta bien arteko norgehiagoka polita ikusi dute zaleek Michelinen. Maisu eta ikasle, aurrez aurre. Ikasleak erakutsi du ibilbide luzea duela aurretik, eta dohainak ere soberan. Bereziki ikusgarria izan da Arteagak eta Elolak erdietsitako 15. tantoa. Pilotakada batzuen ostean, aurreko koadroetara mugatu da tantoa; hor erakutsi dituzte Goñik eta Arteagak haien bertute guztiak. Txokora arrimatu du pilota Arteagak, eta Goñik, ia belauniko, zabalera egindako dejada batekin erantzun. Dejada neurtua zen oso, txapa gainean ozta-ozta egin du punpa, eta Arteaga iritsiko ez zela zirudienean, lurrera botata lortu du pilota eramatea, zabalean utziaz. Sekulako burrunba harmailetan, jendea hazita herriko pilotari gaztearekin. Txaloak han eta hemen, baita kantxa barruan ere; Goñik jasotako tanto bikainaren aurrean, txalo eginez onartu du Arteagaren meritua. 

Kronika honetan bi atzelariak ez dira askotan aipatuak izan, baina horrek ez du esan nahi lan txukuna egin ez dutenik, Gorrotxategik batez ere. Atzeko koadroetara iritsitako pilotei sendo erantzunez, nahiz eta huts batzuk ere egin dituzten, Elolak eta Gorrotxategik erakutsi dute aurreko koadroetako bi pilotari bikainen bikote izateko maila badutela.

Hain bizia izan da partiduaren erritmoa, konturatzerako azken sakea egiten ari zen Mikel Goñi. Txalo artean egin du sake hori, eta txalo artean izan da agurtua Michelinen, tanto horretan itxi baitute partida urdinek. Markagailuan, 17-22. Jendea gustura, baita pilotariak ere egindako lanarekin. Partida bukatu ostean, hainbat zalerekin argazkiak atera ditu Goñik.

Jaialdiaren amaieran beraz, pozik zeuden denak. Ez da gutxiagorako, Xirimiri elkartea eta ikuskizuna izan baitira garaileak, eta guztiek (pilotari, zale eta antolatzaileek) jarri baitute euren hondar aletxoa garaipen hori erdiesteko.

Gaur arratsaldeko pilota jaialdiko irudiak bildu ditu Txintxarrik, argazki galeria honetan.