Gogoeta eta entzute prozesu baten ostean sortu zen SARE euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra. Egitasmoaren erronka orokorra euskal preso eta iheslariak Euskal Herrian izatea da, eta dispertsio politikaren amaiera eskatzea.
Ekainaren 15ean aurkeztu zuten egitasmoa, Donostian. Orduz geroztik, herriz herri taldeak ari dira sortzen etengabe. Lasarte-Orian ere sortuko dute taldea.
Ostiral honetan izango da aurkezpena, 19:30ean. Hipodromoko zubian hasiko da ekitaldia, eta Okendo plazan bukatu. Tartean, orotariko ekintzak prestatu dituzte: musika, dantza, hitzaldia... Ekintza denak, antolatzaileek azaldu dutenez, “lehen unetik herritarren berotasuna” jaso dezan SAREk. “Herritarren parte hartzea aurkezpen egunetik sustatu nahi dugu”. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldia Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dutela, eguraldi txarra egiten badu.
Hipodromoko zubian zein hitzaldi aretoan, Teresa Toda kazetaria izango da aurkezpen ekitaldiko hizlari nagusia. Berarekin hitz egin du Txintxarrik, Sare egitasmoaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko: proiektuaren jatorria, erronkak, herritarrek edukiko duten papera...
Behar bati erantzunez
Joan den urtean Bilbon egin zen manifestazioa izan zen SAREren mugarria, Teresa Todak zehaztu duenez: “Egun horretako manifestazio erraldoian argi geratu zen euskal jendartean oso zabalduta zegoela nahi eta behar bat: euskal preso, iheslari eta euren senideek pairatzen duten eskubideen urraketa larriari aurre egitea”.
“Behar hori erantzuteko ezinbestekoa da dispertsio politikarekin amaitzea”, azaldu du Todak. "Pentsaera desberdinetako lagun batzuk bildu ginen; entzute eta gogoeta prozesu labur baten ostean aurkeztu genuen SARE egitasmoa, ekainaren 15ean”.
SAREren oinarrizko planteamenduari buruz ere hitz egin du Todak. Nabarmendu du egitasmoaren aldarrikapenak ez dagozkiola “ezker abertzaleari soilik”, eta ez dela “kontu ideologiko” bat. “Gai horiek Giza Eskubiden auziak dira; horrela hartu beharko genituzke Euskal Herrian, bakoitzaren kontu politikoak alde batera utzita”.
Une honetako erronkak
Hilabete batzuk badaramatzate lanean beraz SARE egitasmoa osatzen dutenek. Erronka nagusia “euskal presoak Euskal Herrian izatea” da, Todak azpimarratu duenez. Horrez gain, egitasmoak baditu berehalako beste bi: urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazioa antolatzea eta 'Dispertsioaren Liburua' izeneko liburuaren banaketa.
“Urtarrilean Bilbon egingo dugun mobilizazioan mezu argi bat zabalduko dugu mundura”, iragarri du Todak. Euskal presoak Euskal Herrira NOW (orain) izango da manifestazioaren leloa.
Dispertsioaren Liburua “tresna bat” da, “dispertsioak eragiten duen sufrimendua” erakusteko politika horren “benetako eraginak gertutik ezagutzen ez” dituztenei.
Manifestazioa eta liburua eskutik lotuta doaz, urtarrilaren 10ean “hauspotu” egingo baita liburu horren banaketa, Todak aurreratu duenez. “Liburua mugitu egin behar dugu, ez da etxean edukitzekoa. 500.000 ale jarri nahi ditugu zirkulazioan, bai formatu tradizionalean zein digitaletan”.
Herriz herriko lana
Erronka horiei bizkar eman gabe, SARE egitasmoa herriz herri hedatzen ari da, erritmo azkarrean gainera. “Azkar ari da hedatzen sarea; seinale ona da hori, esan nahi du prest dagoela jendea, ezarritako helburuen alde modu antolatu batean lan egiteko”.
“Antolatua” hitza erabili du Todak, baina esan du “herritarren ondasun bat” dela SARE, “horizontala”. Tokiko egitasmoak “modu askotan” hasi dira lanean, “irudimen handiarekin”.
Herritarren parte-hartzea “ezinbestekoa” da SARE aurrera eramateko, Todak adierazi duenez: “Herritarrik gabe, honek ez luke zentzurik izango. Eguneroko jardunaren bidez, kontzientzia kolektiboa astindu nahi du SAREk, aktibaziora igarotzeko; ahalegin eta indarrak norabide berean jarrita, Espainiako Gobernuaren mendeku harresia zulatzen joango gara, presoak etxera ekarri arte”.