Bazkidetza kuota helbideratuta dutenei urtarrilaren 9an kobratuko dietela jakinarazi du klubak eta daturen bat aldatu nahi izanez gero, abenduaren 19a baino lehen egin behar dela gogorarazten dute. Aldaketak Ostadarreko egoitzan egin daitezke, bertara deituta (943-360433) edo admin@ostadarskt.org helbidera mezu bat bidalita.
Aurtengoak berrikuntza bat dakar gainera. Izarra autoeskolarekin akordio bat sinatu du Ostadarrek eta ondorioz, klubeko bazkide direnek deskontuak izango dituzte gidabaimen modalitate guztietan.
Lizentziak tramitatzen
Bestalde, mendiko eta zikloturisten lizentziak tramitatzen ditu Ostadarrek. Urtarrilaren 1ean federatuta egon nahi duenak tramitazioa abenduaren 19a baino lehenago egin behar duela gogorarazi dute.
Otarra eta loteria
Urtero bezala, otar bat zozketatuko dute bazkide guztien artean. Adi beraz abenduaren 22an Ostadarreko atean eta www.ostadarskt.org webgunean jarriko delako irabazlearen izena. Bestetik, Gabonetako loteria hartu du Ostadarrek aurten ere, 42.871 zenbakia. Erosi nahi duenak bulegoan izango du salgai.
Helbide elektronikoak
Bazkideekin harreman “zuzenagoa, azkarragoa eta merkeagoa” izan asmoz, bazkideen helbide elektronikoak behar ditu Ostadarrek. Horregatik, klubaren informazioa korreo elektronikoz jaso nahi duenak admin@ostadarskt.org helbidera mezu bat bidali dezala eskatu dute mesedez.
Azkenik, bulegoa abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra arte itxita egongo dela jakinarazi dute.