Antonio Merceroren omenez

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 14a

Kontzertu bat eskaintzea baino hoberik ez dago musikari bat omentzeko. Hori egin dute gaur eguerdian, Usurbilgo San Salvador parrokian. Antonio Mercero (1910-1973) konpositore herritarra izan da omendua. Merceroren ondare musikal zabala jaso du Lasarte-Oriak, eta baita haren familiak ere, Antonioren biloba Ainhoa Merzero sopranoa izan baita emanaldiko protagonistetako bat. Irakaslea da Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan; haren ikasleek ere hartu dute parte kontzertuan, Urmaiz eta Goratzar abesbatzekin batera.

Kontzertu-omenaldia eskaini diote gaur Usurbilgo San Salvador parrokian Antonio Mercero herriko musikaria zenari (Lasarte, 1910-Usurbil, 1973). 

Antonio Mercerori eskainitako bertso-sorta batekin hasi da emanaldia, kontzertuan gero parte hartu duten abesbatza eta kontserbatorioko kide guztiak dagoeneko hasteko prest zirela, denak elkarren ondoan. Txalo artean bukatu da kontzertuko lehen une hunkigarria.

Bertsoak bukatu eta berehala parrokiaren goiko pisura begira jarri dira ikusleak, bertatik hasi baita abesten Antonioren biloba Ainhoa. Horiek biak izan dira nolabait gaur eguerdiko kontzertu-omenaldiari sarrera egiteko eskainitako bi ekitaldiak.

Egitarau zabala
Hainbat kanta entzun ahal izan dira atzo Usurbilgo parrokian. Donostiako Goratzar eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzek eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleek eskaini dituzte egitarauko kantuak.

Konpositore euskaldunen zein atzerritarren hainbat obra abestuz omendu dute Antonio Mercero. Euskarazko kantak izan dira nagusi errepertorioan: 'Zurekin ama', 'Zuretzat gure bihotza', 'Beti eskama kentzen', 'Mari Domingi, 'Ator ator mutil' eta beste hainbat. Koordinazioa eta erritmoa maisuki mantendu dituzte abeslariek kontzertu osoan zehar, eta ikusleengandik txalo zaparrada luzeak jaso dituzte ordainetan.

Musikari emandako bizia
Honela dio gaur abestutako bertsoen zati batek: 'Musikarekin estaltzen zuen garaiko hainbat gabezia; musikarekin alaitzen zuen inguruko tristezia; musikarekin gainditzen zuen euskarak zuen hesia'.

Bertsoak esaten duen lez, musikaren bitartez utzi zituen atzean Antonio Mercerok Gerra Zibileko urte latzak. Gartzelaratua izan zen, hiltzera kondenatua ere bai, nahiz eta azkenean indultatua izan zen. Derrigorrezko lanak ere egin behar izan zituen.

1943an etorri zen Lasarte-Oriara eta San Pedro parrokiako organistia hartu zuen bere gain, lan handia eginez parrokiako koruarekin. 'Nuestra señora del consuelo' korua sortu zuen 1955ean, eta hainbat urtetan egin zituen zuzendari lanak. Arrakasta lortu zuen, hainbat urtetan irabaziz Tolosako eskualde lehiaketak. 1973. urtean hil zen Antonio Mercero, Usurbilen, bere obrak ondare gisa utziz.