Sistema berri batekin egin dio aurre Antzuolari gaur Ostadarrek: 4-2-2-2. Eta ezin hobeto atera zaio jokaldia lehen zatian, Antzuola erantzunik gabe utzi eta 0-3ko markagailuarekin joan baita atsedenaldira. Goleatzaileak, nola ez, Gorka Brit (3 guztira, 2 lehen zatian) eta Eric Utiel, denboraldiko lehen gola eskuratuz.
"Ongi atera zaigu sistema aldaketa, eta jaun eta jabe izan gara lehen 45 minutuetan. Antzuolak ez du jakin egoerari erantzuna ematen, eta alde polit batekin joan gara atsedenaldira", adierazi du Mikel Medina entrenatzaileak.
Antzuolaren erantzuna
Etxeko taldea ez da hondoratu, eta bigarren zatia hasi eta segituan bi gol sartu ditu. 2-3, eta denboraldi osoan bueltaka dabiltzan mamuak Ostadarrekoen hanka eta buruetan. Gaurkoan ordea garaipena zakuratu du herriko taldeak, beste gol bat gehiago eskuratuz gainera, Gorka Briten eskutik. 13 gol daramatza denboraldi honetan Britek, eta harrigarria dirudien arren ez da horrela, bere ibilbidea begiratu besterik ez dago bestela. 4 gol eta 3 urrezko puntu. Antzuola arerio zuzena da maila mantentzeko borrokan, eta hondoratuta utzi dute, 7 punturekin. Soilik hiru gehiago ditu Ostadarrek, baina gaurkoan hiru puntu baino gehiago zeuden jokoan.
Gaur hartutako indar eta kemen dosia probestu behar du orain Ostadarrek. Real Union B hartuko du etxean datorren astean. Partida berezia izango da, irundarren prestatzailea Joseba Roteta baita, lehengo urtean Ostadar entrenatu zuen gizona.
Euskal Ligako kadeteen garaipena
Badirudi erregionalak eta kadeteak ados jarri direla denboraldi honetan: batak irabazten duenean besteak ere bai. Lehen jardunaldian irabazi zuten, eta 14.era arte ezin izan dute bigarren garaipena lortu.
Meritu handiko 3 puntu zakuratu ditu Joxan Beldarrainen taldeak, 1-0 irabaziz Eibar ahaltsuari. Erregionalekin gertatu bezala, indarra eta kemena hartuko dute kadeteek datozen jardunaldietara begira, maila mantentzeko lehia horretan.
Asteburuko emaitza gehiago
Emaitza hauek utzi ditu asteburuak Ostadar SKTren taldeentzat: Ostadar SKT 7-0 Hernani (Jubenilen Ohorezko Maila); Ostadar SKT 9-1 Herrerako Sporting (Jubenil 1go maila); Ostadar SKT 4-1 Sanse 'B' (Kadeteen 1go maila); Real Sociedad 7-0 Ostadar SKT (Infantilen Ohorezko Maila) eta Eibar 1-0 Ostadar SKT (Infantil txiki). Emakumezko erregionalek atsedena zuten jardunaldi honetan.