Erakusleiho berria herriko merkatarientzat

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 12a

Udalak bere Merkataritza sailetik eskaintzak.lasarte-oria.eus ataria martxan jarri du herriko merkatariek sarean erakusleiho berri bat izan dezaten. Momentuz Aterpeako denda eta tabernekin osatu da ataria hauen eskaintzekin eta dagoeneko herriko gainontzeko merkatariek aukera dute bertan euren eskaintzak ere txertatzeko. Ostiralean egin zuten Udal ordezkariek Aterpeako kideekin batera atari berriaren aurkezpena.

Eguerdian aurkeztu dute udal ordezkariek Aterpeako kideekin batera eskaintzak.lasarte-oria.eus atari berria. Pablo Barrio alkateak azaldu duenez, herriko merkatari txikientzat “aukera berri bat zabaltzen da atari honekin”.  Ohiko erakusleihoez gain, “sarean euren lekua izango dute gure herriko dendari eta ostalariek baita edozein motako zerbitzua eskaintzen duten enpresa txikiek ere. Denda handiek tresna guztiak dituzte euren produktuak sarean ere ezagutzera eman eta saltzeko; horregatik txikien ahultasun horren aurrean, urrats bat eman nahi izan du Udalak atari honen sorrerarekin”. 

Tratu On Bat markaren baitan kokatzen da proiektua eta momentuz Aterpeako denda eta tabernekin osatu dute eskaintza webgune berria Ivan Manzanok azaldu moduan. “Webgunea martxan dago eta hasiera batean Aterpeako bazkideekin egin dugu lan merkatarien beharrak zeintzuk ziren ikusi eta garapen egokia egiteko. Hurrengo pausoa da gainontzeko dendek ere parte hartzea”. Horretarako atal berezi bat dago webgunean “sustatu zure enpresa” formulario bat bete eta Manzano bera jarriko da harremanetan interesa duenarekin. 943 37 61 83 telefonoan edo i.manzano@lasarte-oria.org helbidean informazio gehiago edo zalantzak argitu ditzakete merkatariek. 

Eskaintzak
Atarian sartu eta eskaintza guztiak agertzen dira zerrendan. Hauen gainean klikatuta, produktuaren ezaugarriak,  eskaintzaren iraupena, salneurria eta dendaren kokapena mapa baten bidez azaltzen zaio erabiltzaileari besteak beste. Informazio gehiago nahi izatekotan, dendaren informazio laburra ere aurki daiteke.  

“Web ataria, erakusleiho bat da, ezin da zuzenean erosketarik egin. Herriko dendek dutena ikus daiteke bertara joan gabe baina erosteko interesa izatekotan, dendara hurbildu behar da”.  Gertuko harremana eta dendariek eskaintzen duten aholkularitza azpimarratu nahi izan ditu alkateak herriko merkatari eta ostalarien ezaugarri. 

Aterpeako kideak bestalde, oso pozik agertu dira egindako elkarlanarekin “garai batean gure erakusleihoak nola apaindu eta erakargarri egin ikasi behar genuen bezeroak gurera gerturatzeko, orain teknologia berrietara egokitu behar dugu. Erosteko ohiturak aldatu egin dira eta txikiek ere gure lekua egin behar dugu sarean. Produktu, zerbitzu onak ditugu Lasarte-Orian bertan eta horiek erakutsi behar zaizkio herritarrari”.